HAPOren lehen agiria onartuta, bigarren batzar erronda hasiko dute Ataunen
Aurrerapen dokumentuan lau aukera edo hautabide jaso dituzte, etorkizuneko hirigintza garapenerako. Horiek eta letozketen ideia gehiago landuko dituzte, auzokako bileretan.
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritzeko langintza esku artean darabil Ataungo Udalak, iazko udazkenean berritzen hasi zenetik. Lehenbiziko urratsa egin dute, eta HAPOaren aurrerapenaren dokumentuari eta hasierako dokumentu estrategikoari onespena eman diete –gaur argitaratu dute iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean–. Udalerrirako «ariketa kolektibo garrantzitsu» horretan, beste fase bati ekingo diote aste honetan, lehen onarpenari dagokion legezko iradokizun eta alegazio epearekin batera. Herritarrekin elkarbanatuko dute, oraingoan ere, Ataun egin elkarrekin parte-hartze prozesuan.
Aurrerapen dokumentuan lau aukera edo hautabide proposamen jaso dituzte, etorkizuneko hirigintzaren norabidea lerrokatuko dutenak. Hurrengo bi hilabeteetan, aukera horiek aztertu, baloratu, zuzendu edo aukera berriak iradoki nahi du udalak. «Hautabide bakar bat ere ez da eredu itxia, eta elkarren artean konbina daitezke, edota proposamen berriak sar daitezke horietan», aurreratu du.
Batzarrak auzoka
Aurrerapen dokumentua aurkezteko batzarrak egingo dituzte, auzoka. Lehenbiziko bilera Aia auzoan da, asteazken honetan (irailak 11) 18:00etan, Erroipe aterpean. Gero, San Gregorion irailaren 18an (Elkargunean, 18:00) eta San Martinen irailaren 19an (udaletxean, 18:00). Urriaren 12an kalean jasoko dituzte ekarpenak, San Martingo plazan (11:00-13:00). Webgunean daude aukerak.