Ane Zubeldia Magriña izan da Igartza literatur sariaren irabazlea
'Datorren udan ez gara hemen biziko' du izenburua sariketara aurkeztu duen proiektuak, eta urtebete izango du garatzeko.
Ane Zubeldia Magriñarentzat izango da Igartza literatur saria. Sariketaren 27. edizioan gizenduta dator kopuruz; orain arteko 6.000 euro beharrean, 10.000 euro jasoko ditu onuradunak. Elkar argitaletxeak Donostiako Alde Zaharreko duen egoitzan egin dute jakinarazpena, gaur goizean. Ekitaldian parte hartu dute, sariaren irabazlea, Elkar argitaletxearen ordezkaria Xabier Mendiguren, Beasaingo udaleko zinegotzia Mariola Pascual, eta CAF lantegiko euskara batzordeko ordezkaria Bianditz Iraola.
Txikitatik datorkio literatur eta idazteko zaletasuna Ane Zubeldia Magriñani edo Ane Garcia Lopezi (Hondarribia, 1994). Gaurko ekitaldian, bere burua aurkeztean azaldu nahi izan du, Ane Zubeldia Magriña “ezizen artistikoa” duela. “Nire bi amonen abizenak hartu nituen, haiei keinu bat egin nahian; idazteko zaletasuna haiengandik datorkit”, egin die gorazarre. Gehiago ere kontatu du bere ibilbideaz. Barne mundu zabala du: Kantaria da -Lurra izeneko taldea sortu zuen, Iñigo Muguruza zenarekin-, komunikabide desberdinetan aritu da, itzultzailea da ogibidez, eta Mejillon Tigre kolektiboarekin Hitz esana ikuskizunarekin dabil hara eta hona.
Galderak
Datorren udan ez gara hemen biziko du izenburua sariketara aurkeztu duen proiektuak, eta urtebete izango du emaitzak argia ikusteko. Aurreratu du, ipuin-bilduma bat izango dela, gai eta estilo askotakoak, baina batzen dituen hari bat izango dutela; galdera bat. Giro eta garai, adin eta genero desberdinetako pertsonaiak izango dira protagonista arnasa luzeko istorio hauetan, eta bakoitzak unibertso propio bat eraikiko du.
Igartza bekaren 27. sariduna “pozik” agertu da, “proiektua garatzeko emandako babesagatik eta Euskal idazle gazteei bultzada hau emateagatik”.
Aurtengo edizioan, 16 proiektu aurkeztu dira, eta guztien artean, hondarribitarraren narrazio proiektua aukeratu dute irabazle Olatz Mitxelena, Irati Jimenez, eta Garazi Kamio epaimahaikideek.
Beasaingo Udaleko eta CAF lantegiko ordezkariek beren hitz-hartzeetan bat etorri dira. Igartza literatur beka babesten jarraitzeko konpromisoa erakutsi dute bi erakundeetako ordezkariek.
Jarraian, bekaren irabazlea, bere proiektuaren inguruko xehetasun gehiago ematen: