Arineketan taldeak kontzertua egingo du Igartubeitin urriaren 5ean
Arratsaldeko 18:00etan izango da eta espaziora egokitutako emanaldia eskainiko dute. Doako autobus zerbitzua egongo da Zumarragatik.
Arineketan taldeak kontzertua eskainiko du Igartubeiti baserriko dolarean urriaren 5ean, 18:00etan Zumarragako Antioko Musikaldiaren egitarauaren baitan.
Arineketan taldea 2020an sortu zen, tradizioan oinarrituriko errepertorioa gaurkotu eta itxuraldatzeko asmoz. Euskal kanta, doinu, dantza eta bertsoak oinarri hartu eta hauekin jolastea izan dute helburu sorreratik, eta hala ibili dira Euskal Herriko dozenaka plazetan.
2024ean Zaharrak berri diskoa aurkeztu berri dute. Aurreko diskoan euskal dantza tradizionalarekin egin bezala, ahazturiko kanta eta bertsoen biziberritzea egin dute honetan, egile ezezaguneko kanta zaharrak molde berrietara egokituz. Ikuskizuna ere berrikuntza handiekin dator: Oihana Iguaran bertsolaria gehitu baitzaio ohiko Arineketan taldeari: Xabier Zeberio biolinean, Nora Lopez txeloan eta taldearen muina diren Iñar Sastre (pianoa) eta Jagoba Astiazaran (txistua) bikotea.
Igartubeiti baserrirako emanaldiak gainera berezitasun bat izango du, tokira egokituz, musika guztiz akustikoa izango baita. Zumarragatik bertaratzeko doako autobus zerbitzua eskainiko da, 17:30ean Eliz-Kale paretik irtenda.