Gazteekin aisialdiaz hausnartzeko proiektua abiatuko dute Zegaman
Oreka Aholkularitzak gidatuko du proiektua, Zegamako Udalaren eskariz. 16 eta 30 urte arteko gazteen aisialdiaren analisi bat egingo dute; beharrezkoa bada, hobetzeko.
Zegamako Udalak herriko gazteen aisialdia hobetzeko proiektu bat jarriko du abian, aste honetan. Oreka Aholkularitzak gidatuko du proiektua, parte hartze prozesu baten bidez; 16 eta 30 urte bitarteko gazteen aisialdiaren analisi bat egin eta dauden gabeziak identifikatu ondoren, aisialdi-aukerak hobetzeko helburuarekin.
Iker Arruti, Oreka proiektu taldeko zuzendariak azaldu duenez, gazteei entzutea da oinarrizkoena; «gure iritziz, aisialdiko eskaintza planteatzerako orduan, gazteen iritzia, orokorrean ez da kontutan hartzen. Iruditzen zaigu garrantzitsua dela gazteei espazio bat eman eta beren iritzia kontutan hartzea».
Galdetegia
Hain zuzen, gazteen iritzia jakiteko galdetegi bat zabalduko dute aste honetan, «dauden gabeziak identifikatu eta aisialdiaz gozatzeko dituzten beharrak identifikatzeko». Behin, galdetegian jasotakoa bildu eta gero, parte hartze saio bat egingo dute: «15 bat gazte bildu eta dinamika ezberdinen bitartez gai hauek jorratuko ditugu beraiekin modu presentzialean». Behin lehendabiziko fasea amaituta, proiektuak jarraipena izango duen edo ez aztertuko dute udaletxearekin batera.