Hasi da girotzen Ordiziako aparteko azoka
Dena prest dute Ordizian Euskal Jaietako aparteko azokari ekiteko. 51. Ardi Latxa Gazta txapelketaren gaztak Beti-Alai pilotalekuan daude dagoeneko, Pirinaika arrazako abelburuak Garagartzan eta fruitu, barazki eta euskal oiloak Barandiaran plazan.
Hasi da pixkanaka Ordiziako Euskal Jaietako egun handia girotzen, iraileko aparteko azoka. 51. Ardi latxa gazta lehiaketako gaztak gurdian eraman dituzte Beti-Alai pilotalekura, ohi bezala. 47 gazta daude lehian, 24 ketuak eta 23 ketu gabeak. Horietatik 11 Goierriko artzain gaztagileek eginak dira.
Kalean ere badago giroa. Garagartza plazan Pirinaika arrazako ganaduaren lehiaketa egiten ari dira, eta Barandiaran plazan fruitu, barazki eta euskal oilo lehiaketak. Txistulariak eta dultzaineroak ari dira kale giroa jartzen. Oraingoz ateri dago.