Herriko tomateen dastaketa, ostiralean Zerainen
Bertako tomateak dastatzeaz gain, datorren urterako haziak gordetzea da helburua. Herritarrak parte hartzera deitu dituzte, tomateak eramanez, edo dastatzera gerturatuz.
Zeraingo erosketa taldeak eta ZerainLab elkarteak antolatuta tomate dastatzea egingo dute ostiral honetan Zerainen. Udaberrian antolatutako hazien trukaketarekin jarraitzeko asmoz, herriko baserri eta etxeetako tomateak dastatu eta, bide batez, datorren urterako haziak gordetzea da egitasmoaren helburua.
Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte dastaketan parte hartzera; etxeko tomateak eramanaz edota dastatzera gerturatuz. Parte hartzeko 635 724 038 zenbakira deitu behar da. Dastaketa 19:00etan izango da, ostiralean, Liztormendi elkartean.