Etxe-sagardoak goretsiko dituzte Olaberrian eta Zaldibian lehiaketa banak
Ugaritzen eta sendotzen ari da herrian eginikoarekiko arreta. Zaldibiako lehiaketa-afaria ostiralean da, Zubi-Burun; Olaberrikoa, larunbatean Arkupe elkartean.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2022/01/2022-01-14-p004_f01.jpg)
Herrian bertan ekoitzitako sagardoekiko interesa indarra hartzen ari da. Gero eta herri gehiagotan, festetako dastaketetan baserrietan ondutako sagardoak eskaintzen dituzte. Olaberrian eta Zaldibian, berriz, mimo gehiagoz doitu dute arreta azkeneko urteetan, eta herriko sagardoen arteko lehiaketak antolatzen dituzte. Bihar eta etzi, asteburu berean bat egin dute aurten. Altzagan eta Araman ere egin ohi dituzte antzekoak.
Zaldibian tradizio luzea du etxe-sagardoak; lagun taldeak etxerik etxe ibili ohi dira, batekoak eta bestekoak probatzen. Behin botilatuta eta ezarrita, bihar ostirala (irailak 13) egingo dute herriko sagardogileen txapelketa, Zubi-Buru elkartean (20:30).
18 etxetako sagardoak bildu dituzte, eta afaltiarrek eurek baloratuko eta epaituko dituzte. Afaltzeko Gernikako piperrak, txorizo egosia, sardinak, saihetsa eta gazta menbrilluarekin prestatuko dituzte. Txartelak tabernetan eduki dituzte salgai.
Olaberrian, zazpi partaide
Olaberrian larunbat gauean (irailak 14) da VII. Sagardo Txapelketa, Arkupe elkartean. Hutsik gabe ari dira antolatzen, urterik urte. Zazpi etxetan ondutako sagardoak eramango dituzte lehiarako: Aranguren (Gari Arrieta), Arangurentxiki (Egoitz Salinas), Barrene (Aritz Arantzegi), Haize-Leku (Jokin Arratibel), Handikosoro (Jose Bernardo Aldasoro), Makaztegi (Joanjo Amoztegi) eta Txara-Berri (Felix Urteaga).
Arkupen 50 bat lagun elkartuko dira. Afal aurretik egingo dute lehiaketako dastaketa, 20:00etan hasita. Afaria 22:00etan da.