Lazkaotarrak Esparrura igoko dira igandean, urteroko jiran
Goizeko 9:00etan Lazkaoko plazatik abiatuko dira. Eguerdian izango da mendi gainean ekitaldia. Bezperarako eskalatzeko aukera jarri du Amalurrek.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2023/09/esparru_2023.jpg)
Lazkaoko herritarrek Esparru mendi tontorrera igoera herrikoia egingo dute, igandean. Amalur mendi elkarteak antolatu ditu txangoa eta egitaraua, urtean behingo ohiturazko jirari eusteko. Plazan 09:00etan elkartu, eta handik abiatuko dira mendirantz.
Jendea behin Esparru gainean bilduta, 11:30ean ikurrinari omenaldia egingo diote, dantzari eta txistulariekin. Ondoren, 12:00etan, haurrentzat jolasak antolatuko dituzte.
Bezperan, bestetik, eskalada praktikak egiteko aukera jarriko du Amalurrek. Lazkaoko plazako frontoiaren atzealdeko horman ibili ahalko da, larunbatean 12:00etatik aurrera.
1946an hasita
Esparrura joateko ohitura 1946an hasi zuten lazkaotarrek. Abuztuaren 15ean joan ziren lehen urte hartan, mendi gainean mendizaleen postontzia jartzeko aitzakian. Erromeria hasi zuten, baina Guardia Zibila azaldu, eten eta debekarazi zuen. (Gertakari hartaz erreportajea, 2021-10-4ko Goiberrin irakurgai).
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2023/09/esparru_2023-500x282.jpg)
Lazkaotarrak, igande goizean, Esparru gainean ikurrina omentzen. / Mikel Albisu