Etorkizuneko mugikortasunaren egoitza bihurtu da Beasain
Etorkizuneko mugikortasuna hizpide izan dute Uda Ikastaroetan. Helburu nagusia kutsadura murriztea izango da. 15 minutuko hiri irisgarria kontzeptuaren bueltan ere jardun dute .
Etorkizuneko mugikortasuna nolakoa izango den eta pertsona ororen mugikortasun baldintzetara egokitu behar den hirigintza eredu berriak aztertu zituzten atzo Uda Ikastaroetan, Beasaingo Igartza jauregian. EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak eta Beasaingo Udalak elkarlanean antolatutako saioa izan zen, non hainbat profil eta esperientzia duten ikasle eta profesionalak elkartu zituen, etorkizuneko hirietan mugikortasuna nolakoa izango den zehazten lagunduko duten soluzio berritzaileez hitz egiteko.
Goizeko saioan, teknologia berriek garraioa nola eraldatuko duten aztertzen aritu ziren, besteak beste. Klima aldaketa erakunde desberdinen kezka nagusietako bat izanda, mundu mailan kutsadura iturri handienetakoa garraioak izaten jarraitzen duela zehaztu zuten. Nazioarteko Energia Agentziaren datuen arabera, emisio globalaren %23 izan zen 2022 urtean, eta datozen urteetan portzentaia horrek gora egitea aurreikusi dute.
Uda Ikastaroan parte hartu zuten aditu desberdinek nabarmendu zuten, «zero emisioko mugikortasuna sustatzen duten eredu berriak ikertzea beharrezkoa dela». Ibilgailu konektatuen, kooperatiboen eta autonomoen inguruan jardun zuten soluzio gisa. Teknologia horien inguruan lanean dihardu Nere Garmendia beasaindarra, Naitec mugikortasun eta mekatroniko teknologia zentroan, eta atzoko jardunaldian hizlarietako bat izan zen.
Beasaindik mundura
Honako jardunaldiaren egoitza Beasain izateak «garrantzia handia» du Adur Ugartemendia Beasaingo zinegotziarentzat, saio hauen gidari lanetan aritu zena: «Beasain eta Goierri industrian punta-puntako bailara bat gara, munduan erreferente, baina baita ere, nahi dugu, ezagutza eta etorkizuneko teknologia horien foro izan dadila, eta uste dugu, Uda Ikastaro hauek prozesu horretan balioko tresna bat direla».
Mugikortasun jasangarriaren inguruan Beasainen hartu diren erabakien inguruan ere hitz egin zuen Ugartemendiak. ParteCar ekimena nabarmendu zuen, eguneroko desplazamenduetan ibilgailu partikularra partekatzeko ekimena, ibilgailu bateko erabiltzaile tasa igoz.
Mugikortasun partekatuaren harian, carsharing kontzeptuaz ere jardun zuen Ugartemendiak, hau da, administrazio publiko batek, kasu honetan udalak, herritarren eskura jartzea hainbat ibilgailu elektriko, benetan behar denean bakarrik erabil daitezen. «Hemen familia askotan entzuten da daukatela bigarren, hirugarren laugarren ibilgailu bat badaezpada; familia batek ibilgailu hori ekiditeko, baliabide horiek udalak ematea lantzen ari gara, ibilgailu parkea jaitsiko litzatekeelako eta aparkaleku tasak ere bera egingo lukeelako», azaldu zuen zinegotziak. Beasainen horrelako ekimena martxan jartzea lantzen ari dira.
Hirugarren proiektu baten berri ere eman zuen Ugartemendiak, locker adimentsu baten bidez, banaketa enpresen joan-etorriak optimizatzea lortuko duena. «Arazoa da horrelako enpresetan, entrega lehenengo bidaian egitea ez dutela lortzen sarritan, eta hori ekiditea izango litzateke helburua, joan-etorriak murrizteko».
15 minutuko hiria
Herritarrek oinarrizko zerbitzu guztiak –osasun zentroa, ikastetxeak, saltokiak, aisialdia,…– 15 minutura izatea aldarrikatzen du 15 minutuko hiria kontzeptuak, hala, oinez edo bizikletaz joan etorria egitea errazten delarik. Udako Ikastaroen arratsaldeko saioan aztertu zen gai hau, non herritar denen irisgarritasuna landu zen, mugikortasun arazoak dituzten haien azalean jarriz, simulazio aparatu desberdinen bidez. Ugartemendiak azaldu zuenez, saioaren helburua izan zen «erabakiak hartzeko garaian guztien azalean jartzea».