Joseba Intxausti, langile nekaezina
Joseba Intxausti segurarra iazko abuztuan zendu zen Donostian. Euskal kulturari egindako ekarpen mardula eskertzeko, omenaldia egingo diote bihar, jaioterrian.
Ez da erraza Joseba Intxaustik (Segura, 1936-Donostia, 2023) euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpen erraldoia orri bakar batean laburbiltzea. Euskara eta euskal kultura modernizatzeko etengabeko lanean jardun zuen bizi zen artean: idazten, ikertzen eta batez ere eragiten. Jakin aldizkariaren zuzendaria izan zen eta UZEIren sorrera bultzatu zuen. Seguratik oso gazte joan zen Arantzazura— fraide frantziskotarra zen—, baina beti izan zuen gogoan jaioterria. Are, Seguraren historiari eta herriko arte eta monumentuen inguruko hainbat lan argitaratu ziren bere zuzendaritzapean. Horregatik, eta beste gehiagogatik, omenaldia egingo diote bihar jaioterrian.
10:00etan Intxaustik egindako ekarpenaz arituko dira mahai inguruan, Botikaxar aretoan Joseba Agirreazkuenaga, Paulo Agirrebaltzategi eta Nekane Goikoetxea, Jakin aldizkariak eta Segurako Udalak elkarlanean antolatu duten omenaldian. Eguerdian, 12:30ean omenaldi herrikoia egingo diote plazan. Agirrebaltzategik —frantziskotarra bera ere— lankide eta lagun izan zuen Intxausti. «Gizon serioa» zen haren hitzetan, «bizitza erantzukizun bezala hartzen zuena». Ekimen berrien asmatzaile, kudeatzaile eta bideratzailea izan zela, azpimarratu du.
Segura bihotzean
Bere iritziz, «euskararen modernizazioa» izan zen Intxaustiren kultur kezka nagusia; «euskara kultura modernoko eremu guztietan erabiltzeko gaitzea eta praktikan jartzea»hain zuzen, «obsesio» ere bihurtzeraino. Zentzu horretan euskara batuaren bultzatzaile nagusietako bat ere izan zen. Segurari buruzko hainbat argitalpen zuzendu zituen, Segura historian zehar, tartean. Liburu haren aurkezpenean esandakoak gogora ekarri ditu Agirrebaltzategik: «1948an irten nintzen Seguratik Arantzazura joateko. Mende erdi beranduago denon artean egin dugun liburu honekin itzultzean, nire pozik handienetako bat dut. Nire jaioterrian naiz berriro, lanaren bidez, hementxe geratzeko».
Izarra Urdalleta Segurako alkatearen ustetan, «zor zitzaion» omenaldia da biharkoa. «Seguratik oso gazte joan bazen ere Segurako izena alde guztietara eraman zuen. Ikusten da umetatik zer jaso zuen jaioterrian eta zertara dedikatu zen gerora», amaitu du.