Kimikari izateko lanbide heziketa paper eskolan
Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak erdi eta goi mailako ziklo bana eskaintzen du kimikaren arloan; dagoeneko eman daiteke izena.
Kimikaren sektorean lan egin nahi duena Tolosan presta daiteke horretarako, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak paper eskolan eskaintzen dituen erdi eta goi mailako zikloetan. Dagoeneko eman daiteke izena, eta urriaren 18ra bitarte egongo da irekita epea. Erdi mailako zikloan kimika instalazioko teknikari izateko prestatzen dituzte ikasleak eta goi mailakoan, berriz, kimika industrialeko goi mailako teknikari izateko.
Ikastetxeko kimikaren arloko Mentxu Aiertza arduradunak azaldu du «harreman estua» dutela papera ekoizteko arloarekin, baina oso zabala dela sektorea: «Produktu askotan daude prozesu kimikoak: plastikoetan, elikagaietan, pinturetan, koletan… Enpresa horietan lan egiteko gure ikasleek dute formakuntzarik egokiena». Gehitu du paperaren inguruko ikasketak ez direla leku askotan topatzen: «Paperaren mundua garai batetik hona asko murriztu da, baina oraindik handia da eskaria. Sektore horretan sartzeko eta asetzeko formakuntza eskaintzen dugu guk».
Elkarlan sare sendoa
Bi ziklo horiek aurretik ere eskaintzen ziren, baina Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak hartu du garai bateko paper eskola zenaren kudeaketa eta hark eskainiko ditu hemendik aurrera. Aiertzak azaldu du onurak dituela aldaketak: «Tolosaldeak beste ziklo industrial asko ditu: mekatronika, soldadura, galdaragintza… Zentzu horretan, arlo askotako enpresekin ditu kontaktuak, eta sare horrek berak laguntzen digu inguruan txertatzen eta gure burua zein ikasleak ere pixka bat ezagutarazten».
Arduradunak azaldu duenez, lanbide heziketaren sare publikoaren parte dira eta ikasleek «aldaketa gutxi» nabarituko dituzte aurreko egoeratik berrira.
Formakuntza praktikoa
Lanbide heziketako ikasketak oso praktikoak izaten dira, orokorrean, eta metodo bera erabiltzen dute kimikako kurtsoetan ere. Aiertza arduradunaren hitzetan: «Hain zuzen, ziklo horietan ikasleak prestatzen ditugu laborategiko lana —bata zuriz jantzita irudikatzen duguna— aurrera eraman dezaten».
Ez da, ordea, prestakuntza bakarra, mantenu zein produkzio lanerako ere prestatzen baitituzte: «Erreaktore batean lan egin behar badute zer jakin eta kontuan zer hartu behar duten irakasten diegu». Ikasleek prestakuntza zabal horren bitartez eskuratzen dituzte malgutasuna eta aukera lan egiteko bi mundu horietan.
Hari berari tiraka, kimikaren alorreko arduradunak nabarmendu du formakuntza guzti-guztiak «oso praktikoak» direla: «Teoria gutxi izaten da, eta ez dezatela irudi oker bat osatu: ez diegu eskatzen taula periodikoa ikastea. Hori egin ordez, produktu edo prozesu zehatzen bat egiteko eskatzen diegu eta, horrekin, eginaren eginaz barneratzen eta ikasten dituzte, gerora, lantegian edo enpresan baliagarriak izango zaizkien ezagutzak».
Esperientzia zein ibilbide zabala dute Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuan metodologia horren bitartez lan egiten eta formakuntza praktikoa ikasketa prozesuaren erdigunean txertatzen.
«Prozesu naturala»
Lanbide heziketako ikasketetan izena emateari dagokionez, legez, erdi mailako zikloak egiteko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) bukatuta eduki behar da eta goi mailakoa egiteko, berriz, bi sarbide daude: lanbide heziketako erdi mailako ziklo bat edo batxilergoa.
Era berean, aipatu behar da erdi mailatik goi mailara pasatzeko lehen proba bat gainditu behar zela; gaur egun, ordea, desagertu egin da proba hori. Aiertzak azaldu duenez: «Batetik bestera pasatzeko prozesua oso naturala da. Ohikoa izaten da erdi mailako ziklo bat egiten duenak, ondoren, goi mailako bat egitea. Eta goi mailako zikloa gainditzeak aukera zabaltzen du unibertsitatean gradu bat egiteko ere».
Ikastetxeko ordezkariak gehitu du, hortik harago, izaten dituztela beste profil bateko ikasleak ere: «Askotan etortzen dira pertsonak, zeinak aurretik beste zerbait ikasi duten eta, agian, sektorez aldatu nahi duten. Horiez gain, badira bere garaian ikasketak ez zituztenak bukatu eta, orain, sektorean sartu nahi dutenak. Gurean guztientzat ditugu ateak zabalduta. Legez, aurretik aipatu ditudan baldintza horiek daude, baina, bestela, oso ikasleria anitza daukagu».
Arduradunak esan duenez, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak eskaintzen dituen ziklo gehienak ia beteta daude: «Ia beteta daude kurtso asko, baina ez kimikaren arlokoak. Matrikula irekita dago urriaren 18ra bitarte, baina komenigarriagoa da lehen baino lehen izena ematea eta zikloarekin berehala hastea». Bide beretik, informazio gehiago jaso nahiko lukeenak horretarako aukera izango luke Tolosako paper eskolako bulegoetara bertaratuz, haien telefono zenbakira deituz eta harremanetarako helbide elektronikora idatziz.