Lazkaoko Jabetze Eskolaren bosgarren ikasturtean bost jarduera eskainiko dituzte
Ahalduntze feminista helburu hartuta, ikastaroak, antzerki emanaldia eta ehozirigileen topaketa egingo dituzte, urritik aurrera. Izena emateko epea gaur ireki dute.
Lazkaoko Jabetze Eskolak herritarren eta bereziki emakumeen ahalduntze feminista lantzeko 2024-2025 ikasturterako programa aurkeztu du. Urrian hasiko da bosgarren ikasturtea, eta bost ikastaro antolatu dituzte. Iraupen eta saio-kopuru desberdinekoak dira, eta batzuk ekainera arte luzatuko dira.
Lazkaoko Udalak eta bertako Berdintasun Batzordeak prestatu dute Jabetze Eskolaren eginahal berria. Prestakuntza, gogoeta eta hazkunde pertsonalerako espazio feministak eskaini nahi ditu, Kepa Zubiarrain alkateak atzoko aurkezpenean esan zuenez. Genero ikuspegia gizarteko esparru ugaritan “zeharka” inplantatzeko ahalegina da. “Berdintasuna ez da izen hori duen sailaren zeregina bakarrik”. Ildo horretan, “benetako berdintasuna” lortu arte egiteko “asko” dagoela aitortu du alkateak, eta ahalegina “areagotzeko” konpromisoa berretsi du. “Berdintasuna ez da eskubide bat bakarrik, erantzukizun kolektiboa da”. Lazkaoko emakume guztiak animatu ditu Jabetze Eskolara joan daitezen.
Gizarte Ongizate arloko zinegotzi Unbe Etxanizek, bere aldetik, Jabetze Eskola orain dela bost urtetik garatzen den “proiektu esanguratsuenetakoa eta pozgarrienetakoa” iruditzen zaiola azaldu du. “Ez dira ikastaro soilak, erabakiak hartzen ikasteko eta autoestimua indartzeko, norbere ahalmenak aurkitzeko espazioa da”. Jende gehiagok bat egiteko desira ere azaldu du. Ikastaro batzuk emakumeei bakarrik zuzendutakoak dira, baina badira gizonezkoek ere parte har dezaketenak.
Jabetze Eskolan izena emateko epea gaur, ostirala (irailak 13) ireki du Lazkaoko Udalak, irailaren 27ra arte. Doan da.
Lazkaoko V. Jabetze Eskolaren egitaraua, 2024-2025
Ikastaroak
- Zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa. Abian fisioterapia zentroko Saioa Baenak emango du. Urriaren 9an hasiko da, Barandiaran kiroldegian. 10 saio dira: asteazkenetan 11:45-13:15. Elebitan. Bigarren urtez emango dute ikastaro hau, jendeak hala eskatuta. Zoru pelbikoaren osasuna eta sendotasuna landuko dute.
- Irakurle eskola feminista. Iratxe Retolazak jarraituko du gidatzen. Pentsamendu feministari buruzko irakurgaiak leitu eta lagun artean komentatuko dituzte, irakurle talde modura. Urriaren 14an hasiko da, udaletxean, eta ekainera arte iraungo du. Euskaraz da. Hilean saio bana, astelehenetan 18:00-20:00. Gizonezkoek ere parte har dezakete. Jabetze Eskolaren jardueren artean, “erreferentzia” bihurtzen ari dela ziurtatu dute arduradunek.
- Biodantza ikastaroa. Belen Olaziregik emango du. Biodantza, musika, mugimendua eta emozioak landuko dituzte, askatasun pertsonala eta autozaintza hobetzeko. Azaroaren 8an hasiko da, kultur etxeko erakusketa aretoan. 10 saio dira, ostiraletan 18:00-20:00. Elebitan izango da.
- ‘Emakumeak beharrak, interesak eta nahiak (des)ordenatzen’ mintegia. Yoana Azpitarte Nevada sexologoak emango du. Agindu sozialak, bizitzako garaiak, aldaketak eta zailtasunak, erotika eta desio falta… modu zabalagoan ulertaraziko du. Hiru saio izango dira, kultur etxeko erakusketa aretoan: urriaren 23an, azaroaren 20an eta abenduaren 18an (18:00-20:00). Gaztelaniaz da.
- Munduko Emakumeen Topagunea mintegia. Edurne Pujana Debak zuzenduta, ahalduntze feministako gunea izango da, emakumeen babeserako, zaintzarako eta ahalduntzerako. Emakumeen beharrak, kezkak eta eskubideak eta beste leku batzuetako errealitateak ezagutuko dituzte, sarea ehundu ahal izateko. Lau saio izango dira, kultur etxeko erakusketa aretoan: azaroaren 5ean, abenduaren 3an, urtarrilaren 7an eta otsailaren 5ean (10:00-11:30). Gaztelaniaz da.
Beste ekitaldi batzuk:
- Boilur puntu topaketa. Urriaren 5ean, larunbata (10:00-13:00), Lazkaoko plazan, Azki emakume taldeak antolatuta. Euskal Herriko eta estatuko toki ugaritako 200 emakume elkartuko dira, ehoziri edo puntu joskintzan jarduteko. Artisau erakusketa ere atonduko dute. Hirugarren ekitaldia du.
- ‘El parto’ antzerkia. Urriaren 10ean, osteguna, 20:30ean Areria antzokian. Urrup taldeak egina, amatasunaren inguruko komedia da.