Giro bikaina Ordiziako Oiangu parkeko Aftersun jaian
Euskal Jaiak borobiltzeko, eta udari agur esateko, Ordiziarrockek Aftersun jaialdia antolatu du gaurko Ordiziako Oiangu parkean. Egun osoko egitaraua antolatu dute, 12:00etan hasita. Eguerdian Dj Necora eta Ixaberekin dantza egin dute. Ondoren, Yaima Orozcoren txanda izan da. Dj Necoraren bigarren saioaren ondoren, 17:00etan, Ghau-ren txanda izango da. 18:00etan Dj Necora arituko da berriro eta festa Sara Zozayarekin amaituko da. Bere emanaldia 19:00etan hasiko da.
Ekintza osagarri gehiago ere antolatu dituzte: anfibioei buruzko hitzaldiak eta eguzki sukaldeen erakusketa. Jan-edana ere izango da aukeran. Kontzertuetan erabiliko den argindar guztia energia fotoboltaiko bidez sortua izango da Ekirock gailua erabilita.