Joseba Intxausti omendu dute Seguran
Joseba Intxausti (Segura, 1936-Donostia, 2023) omendu dute bere jaioterrian. Goizean Intxaustik egindako ekarpenaz aritu dira, Botikaxar aretoan. Joseba Agirreazkuenaga, Paulo Agirrebaltzategi eta Nekane Goikoetxeak parte hartu dute mahai inguruan. Eguerdian, omenaldi herrikoia egingo diote plazan.
Intxaustik euskara eta euskal kultura modernizatzeko etengabeko lanean jardun zuen bizi zen artean: idazten, ikertzen eta batez ere eragiten. Euskara batuaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Jakin aldizkariaren zuzendaria izan zen eta UZEIren sorrera bultzatu zuen, besteak beste. Seguratik oso gazte joan zen Arantzazura— fraide frantziskotarra izan zen—, baina beti izan zuen gogoan jaioterria. Are, Seguraren historiari eta herriko arte eta monumentuen inguruko hainbat lan argitaratu ziren bere zuzendaritzapean.
Ekitaldiak Segurako Udalak eta Jakinek antolatu dituzte. Erakundeetako, alderdi politikoetako eta unibertsitateko ordezkariek parte hartu dute, besteak beste: Josune Zabala jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria; Garbiñe Mendizabal aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusia; Pello Otxandiano eta Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkideak; Laida Begiristain EH Bilduko batzarkidea; Berria, Elkar eta Jakineko kide ugari…
Bertsolariaren saioaren ondoren, Izarra Urdalleta Segurako alkateak hartu du hitza. Duela 66 urte, gaurko egunean, Intxausti Seguratik Arantzazura abiatu zela gogoratu du. 12 urte zituen. Bere ekarpena goraipatu du eta berari esker jaiotzez segurarrak izan gabe Seguran bizi direnak segurarragoak direla aipatu du. Horretaz gain, eskerrak eman dizkie Helene Handalian Intxaustiren alargunari eta Intxaustiren Segurako familiari. Baita Intxaustiri berari ere, bere jakintza herriarekin partekatzeagatik, euskara zabaldu eta zaintzeagatik eta Segura eta Euskal Herria noranahi eramateagatik.
Ondoren, Jakineko Kepa Enbeitak hartu du hitza. Enbeita eta Intxausti lagun minak ziren eta lan asko egin dute elkarrekin. Enbeita Intxaustiri zuzendu zaio. “Joseba ez da iragana, ez da inora joan. Nire aldamenean dago. Itxi begiak, aktibatu burmuina eta ikusi egingo duzue. Kaixo Joseba, Arantzazun ezagutu ginen, duela 66 urte, heldu ginen egun berean. Asteartea zen. Gure euskal grina Erriberrin piztu zen, han ikasten ari ginenean. Ondoren, Arantzazun, Pernando Odriozola bakarrik ari zen eta gu hasi ginen. Joxe zegamarra elkartu zitzaigun gero. Euskal Herriko fraide guztiak deitzen genituen Arantzazura, euskararen geroa aztertzera. Txilardegi, Aresti, Andima…”, gogoratu du.
Intxaustiri bere ondoan toki bat gordetzeko eskatu dio. “Jakinek zure lan guztiak digitalizatu diola dio, baina lan guztiak ezin dira digitalizatu. Sekretuak eraman zenituen. Ez ditut zabalduko. Zauden tokian zaudela, gorde toki bat zure ondoan. Beti bezala”.
Hitza hartzen hurrengoa Lorea Agirre Jakin aldizkariaren zuzendaria izan da. Intxaustik 5.000 liburu baino gehiago zituela gogoratu du. Hiru dira gai nagusiak: euskara, historia eta erlijioen historia. “Liburutegia erakutsi zidan batean, halaxe esan zidan: hau naiz ni. Liburutegi hori oinarri hartuta edo liburutegi hori osatu ahala, egin dio bere ekarpen aberatsa euskarari, euskal kulturari eta oro har Euskal Herriari”.
56ko belaunaldikoa izan zela eta belaunaldi horrek sekulako ekarpena egin duela ere aipatu du. “56ko belaunaldiko kide izan zen, Joan Mari Torrealdai, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi, Txillardegi, Juan San Martin eta besterekin batera. Belaunaldi miragarria suertatu zen, ez Espainiako gerra osteko basamortuan euskararen berpizkunde bat martxan jarri zutelako bakarrik, baizik eta berpizkunde horren oinarri ideologikoak erabat berriak eta modernoak izan zirelako: euskaldun ez dela jaiotzen, egin egiten dela, euskarak egiten gaituela euskaldun, hizkuntza batua ezinbesteko dela nazio izateko, hizkuntzaren garrantzia herrigintzan eta kulturaren garrantzia hizkuntzaren normalizazioan… Oinarri horien gainean iritsi gara gaur egunera eta oraindik ere funtsezkoak zaizkigu”.
Egungo euskaldunei haiek egindako lanari jarraipena ematea dagokiela gehitu du. “2014an Berriak egin zion elkarrizketa batean honela zion: guk sufritu genuen pobrezia eta ezin hura gaurko gazteek ez dute berdin sentitzen. Erosotasun honek arrisku bat du: pentsatzea hizkuntza salbatua dagoela. Eta ez da egia. Hizkuntza egunean-egunean salbatu behar da, batez ere txikiak direnean”.
Bukatzeko, Intxaustiren ama gogoratu du. “Joxe Azurmendik esan ohi du Intxaustik bazuela jatorriko abantaila bat euskalgintzan abiatzeko: Dolores Rekondo Mujika segurarra, bere ama. Rekondo Euskal Emakume Batzako kidea zen eta Intxaustik etxean ikasi zuen euskaraz idazten eta irakurtzen eta Euskal Herriaren esistentziaz jabetzen. Abantaila horrekin joan zen 12 urterekin Arantzazura eta hortik bere bide luze eta ekarpen aberatsa. Esker ona baino ez Intxaustirekiko, herriari emandako guztiagatik”.
Hitza hartzen azkena Helene Handalian izan da, Intxaustiren alarguna. Emakume hau armeniarra da jatorriz, baina primeran hitz egiten du euskaraz. Omenaldia posible egin duten guztiei eskerrak eman dizkie eta Intxaustirekin bizitakoaren berri eman du. “Nire bizitza Josebarekin ikasketa izan da: gizatasun ikasketa, ikasketa intelektuala. Lanordu luzeak, hausnarketa, iturrien erabilera, sormena, testuak idaztea, zuzenketa zorrotzak egitea… Neurririk gabeko langile nekaezina zen, bere Euskal Herriarentzat ondare kultural bat utzi nahian. Gizon diziplinatua, sistematikoa, oso argi zituen printzipioak: kontzientzia etikoa, espiritualtasuna, bihotz zabaltasuna, apaltasuna, diskrezioa eta abar. Oso hunkituta eta esker oneko sentitzen naiz omenaldi eder eta hunkigarri honengatik”.