Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketan Legorburu hernaniarra garaile
Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketako sari-banaketa izan dute gaurkoan. Iñigo Legorburu izan da helduen mailan garaile eta haurren mailan, Maialen Urtxegi. Gazteen mailan hutsik geratu da lehen postua.
Aurtengoan ere Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa abiarazi du Argi Berri elkarteak, Ordiziako Udalaren laguntzarekin. Gaurkoan lehiaketa honek emandakoaren emaitza saritzeko bildu dira Ordiziako Barrena Kultur Etxeko Bertso Eskola gelan. Sari-banaketa ekitaldiari hasiera emateko Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak, hartu du hitza eta «eskerrak eman ditu gela berriro betetzea lortzeagatik aurten ere eta urtez urte egiten duten lanagatik lehiaketa hau antolatzen». Ondoren, Joxe Migel Iztueta “Lazkao Txiki”-ren iloba Martinak hitz egin du, nahiz eta horrelakoetan hitz egiteak «apur bat lotsatzen duen». Martinak ere esker hitzak besterik ez ditu izan ekitaldi hasiera honetan eta osabak «estimatuko lukeela ikusiz gero egiten duten lana» adierazi du. Ondoren, antolatzaileek hartu dute hitza eta «pozik» daudela esan dute, aurten jende berri ugarik hartu baitu parte bertan. Horrez gain, aipatu dute aurten ere ohiko moduan hiru kategoriata desberdin bereizi dituztela: haurrak, gazteak eta helduak. Hau Argi Berri elkarteak «haur eta gazteak bertsolaritzara bultzatzeko» duen helburuagatik egiten dutela azpimarratuz. Behin hitzak alde batera utzita sari-banaketari ekin diote txikienetatik hasi eta helduetaraino.
Haurrak
Haurren kategorian, hau da, 13 urtetik beherakoan, 7 lan jaso dituzte eta guztiak ondo aztertu ondoren, epaimahaiak erabaki du Maialen Urtxegi Bidegain bertsolari nabartearra izan dela bertsorik onenak idatzi dituena maila honetan. Atzetik izan ditu bigarren postuan, Ekai Legorburu Etxebeste hernaniarra eta hirugarrenean, berriz, Nora Arriazbalaga Arrieta azkoitiarra.
Haurrek gai zehatz baten inguruan idatzi behar izan dute. Gaia Argi Berri elkarteak berak aukeratu ohi du eta aurtengoan ere hala egin dute. Olinpiar jokoak gertu zirela eta horixe aukeratu dute gai gisa: Badatoz olinpiar jokoak.
Nora Arrizabalagak olinpiar jokoetan parte hartu behar duen kirolari bat istripu bat izan ondoren paralitiko gelditzen dela kontatu du bertso hauetan joku paralinpikoetan jokatzera daramala lau urte beranduago.
Ekai Legorburuk, aldiz, bere egunerokoko alde batetik bestera ibiltzea olinpiadekin parekatuz hasi du bertsoa, ondoren, bera hauek ikustean nola sentitzen den eta nola bizi dituen azalduz.
Maialen Urtxegi, aurtengo haurren kategoriako irabazlea, olinpiar jokoetan parte hartzen duen atleta baten azalean jarri da bertso hauek idazteko.
Gazteak
Gazteen mailan, berriz, 4 lan jaso dira guztira. Kategoria honetan parte hartu dute 14tik 18 urtera bitarteko bertsolariek eta 4 lanetatik 3 izan dira sarituak. Lehen postua hutsik uztea erabaki du aurten epaimahaiak, lehen sarirako beharrezko maila ez zutela 4 lan horiek ebatzita. Hala ere, bigarren postuan Mara Orbe Alkalde bilbotarra izan da saritua, “babes ditzagun guztiak” lanarekin; eta hirugarrenean, Aratz Arzelus Aranburu villabonarra, “nahi dutenaren islada” lanarekin.
Arezlusek “nahi dutenaren islada” izenburupean aurkeztutako lana, parrandaren ingurukoa da, berak «oso gustoko» duen zerbait denez horren inguruan hitz egin du, batez ere, testuinguru horretan «normalizatu diren» zenbait kontuz. Komun bate espazio hartuta parrandako gertaera eta jendearen ohitura desberdinak aipatu ditu, tartean, sexua eta drogen eta alkoholaren kontsumoa aipatzen ditu.
Orberen “babes ditzagun guztiak” lanak, berriz, animaliak «baztertuak» daudelako aukeratu du gai hau eta guztiak babesteko deia egin du bertso-sorta honen bitartez, bertan aipatuz desagertzeko arriskuan dauden zenbait espezie, hala nola, Jabako errinozeroa, Katamotz iberiarra edota Vaquita marina. Horrez gain, animalien sufrimendua «gaitzetsi» nahi izan du azken bertsoan, hauen desagerpena «itzulezina» dela azpimarratuz.
Helduak
Helduen mailan, berriz, 18 urtetik gorako bertsolarien lanak jaso dira. Bertan parte hartu dutenen lanak 13 izan diren arren, kategoria honetan ere 3 sari banatu behar izan ditu epaimahaiak. Aurtengoan hirugarren eta lehen sariak Hernanira joan dira, Iñigo Legorburu Arregirekin eta bigarren saria, berriz, Julian Albistur Aranburu oreretarrarentzat izan da.
Hirugarren postuan sailkatu den Legorbururen lana “hamarren bularra” izan da. Bertan, minbizia duen emakume baten azalean jarri da. «Izan Inurri elkartean egindako zenbait bertso-saio eta bestelako ekimenetan izan dela eta bertan entzundako istorioak bertsotara ekarri nahi izan dituela» haien azalean jarriz aipatu du.
Albisturren “23.Korrika Euskal Herria ezagutuz” lana, berriz, izenburuak ondo dioen bezala, aurten bizi izan dugun Korrikaren ingurukoa da, hau ikusteak sortutako emozioak bultzatu baitzuen autorea hau gaitzat hartzera. Julian Albisturrek ezin izan du gaurkoan bertan egon baina Legorburuk abestu ditu bere zenbait bertso sari-banaketa ekitaldian.
Aurtengo Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketako lanik onena Legorbururen “irreal apolitik” lana izan dela erabaki du aurtengoan epaimahaiak. Lan honetan, Legorburuk politika kontuetan herritarrak zenbaitetan «zein txiki sentitzen garen» azaldu du, «gauza ukiezinez» hizketan.
Nikolas Zeberiori omenaldia
Behin ekitaldia amaituta, Nikolas Zeberiori omenaldia egin diote, eskerrak emateko urte luzetan egin duen lanagatik Argi Berri elkartean, izan lehiaketa honetako epaimahikide gisa 25 urtez baino gehiago aritzeagatik, zein bat-bateko taldeko gidari izateagatik urte askoan. Horrez gain, elkartearekiko beti izan duen konpromezua eta orokorrean «emandako guztiagatik» eskerrak eman dizkiote. Zeberiok berak eman dio amaiera gaurkoari, «oraindik segi nahi dut zuen zerbitzari» hitzez amaiera eman dion bertsopapera kantatuz.