Turrientes eta Lasa omendu dituzte Beasain K.E. eta Deustu S.D.-ren arteko partidaren atarian
Beñat Turrientes eta Mikel Lasa omendu ditu gaurkoan Beasain K.E.-k, Deustu S.D.-ren aurkako partidaren atarian, biek ala biek Beasaingo harrobitik hasi eta izan duten ibilbideagatik. Ohorezko sakea egin dute omenduek.
Beasain K.E.-ko hirugarren mailako taldeak hasi du denboraldia eta gaurkoan bigarren jardunaldia izan du Loinaz futbol zelaian. Arratsaldeko 17:30etan eman diote hasiera partidari, gaurkoan, deustuarren aurka, baina partida hasiera berezia izan dute gaurkoan. Beasaingo futbol taldeak Beñat Turrientes eta Mikel Lasa futbolariak omendu nahi izan ditu, izan ere, Beasaingo harrobitik datozen bi futbolari dira Turrientes eta Lasa eta biek ala biek ibilbide oparoa izan dute futbol munduan. Horrez gain, biek olinpiar jokoetan urrezko domina ekarri dute herrira, Turrientesek aurtengo Parisko joko olinpikoetan eta Lasak, berriz, 1992ko Bartzelonako joko olinpikoetan. Beraz, honi aitortza egiteko modu gisa ohorezko sakea egin dute gaurkoan bi futbolari hauek, Beasain K.E.-Deustu S.D. partidari hasiera emanez.