Black Bacon, mundu mailako punka Lazkaoko zigiluarekin
Poison Idea talde mitikoko Jerry A-ren proiektu berriak Lazkaoko Aho Lehor Festen emango du aurreneko kontzertua, larunbatean. Artza Records etxeak ekoitzi dio Europarako diskoa, eta mundu mailako estreinaldia izango da.
“Zerutik etorrita bezala” hartu dute Black Bacon talde berriaren disko proposamena Artza Records ekoiztetxekoek. Aitor, Iker eta Joseba Artza anaiek musika proiektua 2019an sortu zutenetik, lan arranditsuena kaleratzera doaz. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan hardcore eta punk arloetan mundu osoan sona eta aitzindaritza izan zuen Poison Ideia taldeko Jerry A-k eratu du talde berria, estatubatuarrekin eta euskal herritarrekin. Artza Recordsek ekoitzi du Europarako diskoa, eta Lazkaon bertan estreinaldia eskaintzeko aukera ere gorpuztuko dute: larunbatean, IV. Ahor Lehor Fest jaialdian joko du estreinako kontzertua Black Baconek, eta aurreneko diskoaren mundu mailako aurkezpena egingo dute.
Poison Idea 1980an Portlanden (Oregon, AEB) sortu zuen Jerry Lang abeslariak, Jerry A bezala ezagunagoa. 2006an utzi zioten, Pig Champion taldekidea hil zenean. “Mundu mailako punk-ean egon den talderik potenteenetakoa izan zen. Txitxarron jo zuten, Europan asko, eta New Yorken ere ikusita nago”, azaldu du Artza Recordseko Aitor Artzak.
Jerry A-k bere kasara segitu zuen gero, bakarka edo beste batzuekin kolaborazioak eginez. Donostian bizi den Alex Montiel kataluniarrak (La Cuchara de San Telmo tabernakoa), Bostonen bizi zelarik, harekin ondutako laguntasunak erne zuen euskal harremana. Montiel ere Espainiako estatuan punk melodikoa egiten aitzindaria izan zen, Rouse taldarekin, bere garaian. Aurretik, hardcoreko HHH taldea eraiki zuen, 1980ko hamarkadan. Disko bat grabatu zuten Montielek eta Jerry A-k, “distantziara”. “Jerry A-k eta Poisoneko Andrew gitarra jotzaileak handik grabatu zuten; ozeanoaren alde honetatik, berriz, Alexek eta Bartzelonako bere taldekide batzuek”, gogoratu du Artzak proiektua nola sukaldatu zen.
Berri Txarrakekin ere lan egin duen Santi Garciak masterizatu zien disko hura, Katalunian daukan Ultramarinos Costa Brava estudioan. “Hori dena lagun artean egin dute. Santirengana jende asko etortzen da, guru bat da, Europatik, AEBetatik… Diskoaren azala Mario Riviere madrildar diseinatzaile grafikoak egin du, punk taldeetan (Aerobich…) jo duena”, gehitu du Artzak.
Artza Recordsekin banaketa
Itsasoaren bi aldeetako korronteek osatutako ibaiak Lazkaon hartu du lur. Artza Recordsen berri izan, eta diskoa banatzeko lana hartu dute lazkaotarrek. “Ateratzeko garaia iritsi zenean, Donostiako lagun baten bidez iritsi ziren guregana, Artza Recordsera. Gure banaketa sarea badugu, Euskal Herrian, Madrilen eta Bartzelonan salpuntu batzuekin. Prozesu guztia maiatz-ekain aldean jarri genuen martxan. Lagun artean egina izan da. Jerry A.-k diskoa aditu zuenean, uste baino hobeto entzuten zela eta, talde berria dela erabaki zuen”.
Hala, Black Bacon sortuta, taldearen lehen diskoaren AEBetako edizioa Jerry A-k egin du American Level Recordsen, eta Europakoa Artza Recordsek; Coretex Records alemaniarrarekin batera banatuko du (ostiralean jarri zuten haien webgunean salgai). Bandcamp plataforman, interneten ere jarri dute.
Bi lorpen horiek eskuan direla, aukera ez galtzeko aholkatu dio jendeari Aitor Artzak. “Jerry A Lazkaon ikustea izugarria izango da. Oso ilusionatuta dago bera ere. Hamar-bat egun egongo da Euskal Herrian”. Aste honen hasieran etortzekoak dira.
“Zerutik etorritakoa bezalako” aukerarekin, ametsetan daude oraindik Artza Recordsen. “Gure filosofia ez da horrelako banda handiak eta Europa mailan ateratzea. Xumeagoak gara. Baina izugarrizko harrotasun puntua da Jerry A-ren disko bat atera ahal izatea eta haiekin lan egitea. Haiek ere gustura daude, etorkizunean beste diskoren bat egiteaz hitz egiten ari gara. Musika munduan dena ikusitakoak dira; ekoiztetxe handiekin fitxaketak… Baina guztiari buelta eman diote, eta gertutasunari, produktuaren kontrol osoa edukitzeari garrantzia ematen diote berriro”.
Aho Lehor Fest, lau talderekin, larunbatean
Askotan bezala, hutsune batetik sortu zaie Black Bacon Lazkaora ekartzeko aukera. “Aho Lehor Festarako talde batekin hitz eginda geunden, baina azken unean huts egin zuen, eta Black Bacon ea ekar genezakeen planteatu genuen. Bira bat muntatu dugu Euskal Herrian zehar. Beraien lehenengo kontzertua da talde bezala, eta Lazkaon izango da”. Larunbatean Lazkaon joko dute, eta igandean (irailak 22) Gernikako (Bizkaia) Iparragirre rock elkartean, 27an Andoaingo gaztetxean, 28an Logroñoko Sala Stereon, eta 29an “kontzertu sorpresa” emango dute, izenik aurreratu nahi ez duten Gipuzkoako herri batean.
Larunbatean da mundu mailako estreinaldia, Lazkao. Aho Lehor Fest 19:00etan hasiko da, skate parkean. Sarrera doan da. Aurrena, Katarsi talde bizkaitarrak joko du. Lehen lana orain atera dute. “Marmol taldeko jendea da. Nahiko eragin handia izaten ari da disko hau; beste argitaletxeren bat ere jarri da haiekin harremanetan”.
Finale talde valentziarra ariko da ondoren. Euskal Herrian ez dute askorik jo, baina estatu mailan eta Europan bai. “Zuzeneko oso-oso ona daukate”.
Hirugarren, Joseba Artzak bateria jotzen duen Flash taldea igoko da oholtzara. AEBetara eta Kanadara doaz aurki, hilabeteko bira batean. Urriaren 5ean New Yorken hasiko dute bira, AEBetako ekialdeko kostaldean eta Kanadan joko dute gero.
Azkena, hardcore eta punk menua ondo borobiltzeko, plater nagusia: Black Bacon.