Iradi Redondo, Legazpiko udal egutegiko irabazle berria
Abuztuko saria irabazi du, herrian gastatzeko 50 euro. Iraileko lehiaketa dago orain martxan.
Iradi Redondo da Legazpiko udal egutegiko saridun berria, abuztukoa, hain zuzen. Redondok eta beste 71 legazpiarrek asmatu dute abuztuko galderaren erantzuna Udana zela. Guztien artean egindako zozketan bera suertatu da irabazle, eta herrian gastatzeko 50 euroko txartela jaso du, Amaia Aizpurua zinegotziaren eskutik.
Iraileko lehiaketa dago martxan orain, eta garai batean San Migel baselizaren inguruan irailean egiten zen ‘sagar-inburre’ erakusten duen argazkiarekin batera egiten den galderan, Legazpin hilabete honi ematen zaion beste izena da erantzun beharrekoa. Erantzunak www.legazpi.eus webgunean eman behar dira. Asmatzen duten guztien artean, herriko ostalaritzan edo merkataritzan gastatzeko 50 euroko txartela zozkatuko du udalak.
Egutegiko iraileko orrian ‘sagar-inburre’-ri buruz azaltzen denez, XX. mendearen erdialdera arte eutsi zitzaion ohitura hori: “Egun horretan, San Migeleko eliz lurretan zeuden sagarrondoetako sagarrak aurreko zelaian goitik behera bota ohi zituzten, eskoletako haurrek jaso zitzaten”.