Etxe osoan jarri dituzte ikusgai margolari legazpiarraren 17 lan. Aste honetan hasiko dira jubilatu eta pentsionistei zuzendutako ikastaro eta jarduera guztiak.
Legazpiko Gizarte Zentroan hasi da ikasturte berria, eta aste honetan bertan jarriko dira martxan jubilatuei eta pentsionistei zuzendutako ikastaro eta jarduera guztiak, Buztintegi elkarteak antolatuta. Ikasturteari ongi etorria emateko, Mari Carmen Ibañezen margoak jarri dituzte ikusgai, eraikineko beheko eta lehenengo solairuan, 17 lan guztira. Ibañez oso ezaguna da etxe horretan, pintura klaseak ematen dituelako bertan 2014tik.
Ikasturte berrian ez dago aldaketarik, eta aurreko urteetako jarduerak eskaini ditu Buztintegik: informatika, dantza, gimnasia, marrazketa eta pintura, xakea, mantentze gimnasia, joste lanak, eskulanak, yoga, oroimena mantentzeko lanak, ingelesa, gimnasia hipopresiboa eta bingoa.
Gizarte Zentroan, bestalde, kafetegi zerbitzua dago martxan, eta ile apaindegia ere badago.