Txillidak Legazpin egindako eskulturak, munduan zehar sakabanatuta
Lenbur Fundazioak 'Legazpitik mundura' izenburuko erakusketa irekiko du ostegunean, eskultorearen lanetako asko non dauden erakusteko. Urriaren 6ra arte egongo da ikusgai, Txillida Lantokian.
Legazpitik mundura izenburupean, erakusketa bat irekiko du Lenbur Fundazioak Txillida Lantokian, Eduardo Txillida eskultorearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko antolatu dituen ekitaldi sortaren barruan. Legazpiko Udalarekin batera prestatutako egitarauan, erakusketa gehiago, hitzaldiak, bisitak eta beste jarduera batzuk ere izan dira eta izango dira. Erakusketa berri hau ostegunean inauguratuko da, 19:00etan, eta urriaren 6ra arte egongo da ikusgai.
Erakusketa honen bidez, Legazpik Eduardo Txillida euskal eskultorearekin eta burdinarekin izan duen lotura ezagutarazi nahi du Lenburrek. “Txillida Paristik itzuli zen bere bide artistikoa aurkitzeko asmoz, eta bilaketa horrek burdina lantzera eraman zuen. Bere ibilbide artistiko osoan zehar, material horrek erakarri zuen, eta Burdin Haranera, Legazpira ekarri zuen”, azaldu dute. Txillidaren eta Legazpiren arteko harremana 1950eko hamarkadan hasi zen, eta bere ibilbide artistiko osoan mantendu zen. Artistaren eskulturarik ezagunena den Haizearen Orrazia egiteko, adibidez, “fabrikako ateak parez pare ireki zitzaizkion”; izan ere, “Euskal Herriko siderurgia enpresa garrantzitsuenetako baten jabe zen Patrizio Etxeberriak pabiloi bat prestatu zuen bere lantegian, eskultura egin ahal izateko”. Gainera, “langile espezializatuen talde bat” osatu zuen, eta 25 tona altzairu oparitu zizkion “bere ametsa gauzatu ahal izateko”.
Baina Legazpin “amets gehiago” bilakatu ziren errealitate, Lenburreko arduradunek azaldu dutenez, “Alrededor del Vacio V, Musica III, Puerta de la Libertad, Elogio al Hierro, eta Toki-egin, beste askoren artean”. Eskultura horiek mundu osoko plaza eta museoetan daude, eta ostegunean irekiko den erakusketarekin, eskultura horien kokalekua erakutsiko da: Washington, Santiago, Chillida Leku-Hernani, Dallas… “Hau da erakusketaren izenburuaren arrazoia, Legazpitik Mundura”.
“Inoiz ez zen eskultura bera errepikatzen, eta guztietan izan zen erronka berriren bat, proiektu berriren bat. Honela, egitura eta labe bereziak egin ziren, teknika berriak esperimentatu ziren…”. Eskultura horiek nola sortu ziren jakiteko, fabrikatik lortutako dokumentazioa eta, batez ere, Txillidarekin “eskuz esku lan egin zuten langileen testigantzak” izan dira oinarri.