Bigarren greba deialdia hasi dute gaur Jason
Gaur, bihar eta etzi greba egingo dute, pasa den astean aurreratu zuten greba egutegiarekin jarraituz. Konponbiderik ezean, urrian greba mugagabeari ekingo diote.
Idiazabalgo Jaso Tower Cranes enpresako langileek bigarren greba deialdiarekin bat egingo dute gaurtik aurrera. Gauzak horrela, greba egingo dute gaur, bihar eta etzi.
Pasa den astean ekin zioten greba deialdiari, oporren ondoren enpresako zuzendaritzak zortzi langile kaleratu zituela salatzeko. Bi eguneko greba egin zuten pasa den astean, ostegunean lantegiaren aurrean egin zuten elkarretaratze batekin. Hiru eguneko greba deialdia egina dute aste honetarako eta, tartean konponbiderako aukerarik suertatu ezean, lau egunekoa datorren asterako.
Langile batzordeak enpresako zuzendaritzari “jarrera aldatu, erabakia atzera bota eta bestelako bideak bilatzeko hitz egitera eser dadin” eskatu dio behin eta berriz. Langile batzordeak jakitera eman duenez, pasa den asteko bi greba egunen ondotik, enpresa zuzendaritza langileen ordezkariekin bildu da aste honetan, baina “negoziatzeko inolako borondaterik gabe”, azpimarratu dutenez; eta egindako bileran “langileek egindako eskaera guztiak atzera bota” dituela nabarmendu dute. Horregatik, pasa den astean adostu eta aurreratutako greba deialdiarekin jarraitzea erabaki dute. Datorren asteko lau eguneko grebaren ostean, konponbiderik ezean, greba mugagabea deituko du langile batzordeak.