Martxan da Ormaiztegiko Harrikalari futbito txapelketa
Gazte Asanbladak antolatu du txapelketa bigarren urtez. Guztira, 130 pertsonek eman dute parte hartzeko izena. Finala azaroaren 22an jokatuko dute Zubipen, San Andresetako lehendabiziko ostiralean.
Pasa den ostiralaz geroztik, martxan da Ormaiztegiko 2. Harrikalari futbito txapelketa. Ormaiztegiko 130 gaztek eman dute aurten txapelketan parte hartzeko izena, 10 taldetan banatuta. Ander Deunaren jaiak bitartean, ligaxka moduko bat jokatuko dute astebururo. Finala azaroaren 22an jokatuko dute Zubipe kiroldegian, eta ondoren, afaria egingo dute parte hartzaile guztien artean.
Iaz antolatu zuen lehenengoz Harrikalari gazte asanbladak txapelketa. “Garai batean Ormaiztegin futbito txapelketa antolatzen zela jakin genuen” kontatu du Sarai Gorostidi asanbladako kideak. Txapelketa berreskuratzeko ideia atera zen asanbladan eta iaz probatzea erabaki zuten. “Arrakasta handia izan zuen” eta aurten, errepikatzea erabaki dute.
Pasa den irailaren 13an eman zioten hasiera txapelketari. Bosna taldeko bi sailetan antolatu dute hasierako ligaxka: “Lau partida izango dira astebururo, eta sail bakoitzeko talde banak atsedena izango dute”. Partida guztiak Zubipe kiroldegian jokatuko dituzte.
Ondo pasatzea
Ormaiztegi herri txikia da eta orokorrean guztiek ezagutzen dute elkar, baina horrelako ekintzek harremanak sendotzeko balio dutela uste dute antolatzaileek. Elkarren arteko zubiak eraikitzeaz gain, ondo pasatzea da txapelketaren helburu nagusiena, “ez dugu lehiaketa serio bat antolatu. Futbolean jakitea ere ez da beharrezkoa parte hartzeko. Ondo pasatzea da helburua”.
Esan bezala, finala Ander Deuna jaien lehendabiziko ostiralean jokatuko da Zubipe kiroldegian eta ondoren, afaria egingo dute parte hartzaile guztien artean. “Egun horretan kinto afari asko egingo direla badakigu, baina gure helburua ahalik eta pertsona gehien elkartzea da”, amaitu du.