Casadoren eta Torrijosen Mongoliako bidaia, bihar Kultur Etxean
Otsailean egin zuten emanaldian tokirik gabe geratu ziren asko, eta bihar bigarren aldiz emango dute ikus-entzunezkoa. Hurrengo lanaren aurrerapen txiki bat ere aurkeztuko dute.
Aitor Casado eta Mar Torrijos bidaiarien Mongolia, nomaden lurraldea ikus-entzunezkoa ikusteko aukera izango da bihar Kultur Etxean, 19:00etan. Iaz egin zuten bidaiaren bigarren emanaldia izango da, otsaileko saioan aretoan toki gabe geratuta, jendea lana ikusi gabe geratu zelako.
Mongolian izan ziren iaz oporretan Casado eta Torrijos, eta bidaia hartan ateratako irudiekin sortu duten lana da Mongolia, nomaden lurraldea.
Ohi bezala, emanaldia lau zatitan egongo da banatuta. Lehenik, Mongolia bera aurkeztuko dute, eta besteak beste, datu demografikoak, geografikoak, ekonomikoak, historikoak, kulturalak eta klimatikoak emango dituzte, ikuspegi orokorra emateko. Ondoren, herrialde hartan egin zuten ibilbidearen berri emango dute, eta hainbat puntu garatuko dituzte: budismoa, yurta edo etxe tipikoa, abeltzaintza,kanpaleku nomadak, bertako moneta, errepideak, paisaia ikusgarriak, Ulan Bator hiriburuko kutsaduraren arazoa, eta Transmongoliano trenbidean eta UAZ furgonetetan bidaiatzearen esperientzia.
Gero, ikus-entzunezkoa bera proiektatuko dute, 35 minutuko iraupenekoa. Irudiak, bideoak eta Mongoliako musika uztartzen ditu lanak.
Azkenik, galderak egiteko aukera zabalduko diote publikoari, eta saria eta guzti izango duen joko interaktibo bat planteatuko dute.
Hurrengo lanaren aurrerapena
Mongoliari buruzko emanaldiaz aparte, bideo txiki bat ere proiektatuko dute, aurtengo udan egin duten bidaiari buruzkoa. Bikoteak aurreratu duenez, “seguruenik inoiz eduki dugun materialik onena ekarriko dugu”.