Euskara ikasteko diru laguntzak emango ditu Ordiziako Udalak
Hainbat baldintza bete behar dira. Batetik, Ordizian erroldatuta egotea, 16 urte beteta izatea eta gutxienez %80ko asistentzia.
Euskaraz Bizi kanpainaren barruan, Ordiziako Udalak aurten ere euskara ikasteko edota maila hobetzeko ikastaroak doan eskainiko ditu. Hala ere, diru laguntza hauek lortzeko, hainbat baldintza bete behar dira. Batetik, Ordizian erroldatuta egotea, 16 urte beteta izatea eta gutxienez %80ko asistentzia. «Hala bada, matrikularen %100a ordainduko du udalak (beti ere, urteko gehienekoa 500 eurokoa izanda, 650 barnetegien kasuan)», argitu du udalak.
Era berean, «Euskaltegien bidez ez ezik, lan mundutik ere bultzatu nahi da euskara ikastea». Horrela, «Ordizian erroldatuta egon gabe ere, egoitza Ordizian duten eta Euskara Plana martxan jarria duten lantegietako langileek ere lortu ahal izango dituzte laguntzak. Baita udalarekin euskara bultzatzeko hitzarmenen bat sinatua duten merkataritza establezimenduetako langileek edo kirol entrenatzaile eta begiraleek ere. Kasu horietan, matrikularen %85a itzuliko zaie ikasleei».
Matrikulak euskaltegietan
2024/25 ikasturteko matrikulazioa zabalik dago Goierriko euskaltegietan, eta Ordiziako Udalak herritarrak animatu nahi dituzte euskara ikastera. «Goierrin dagoen euskaltegi sareak euskara ikasteko hainbat aukera eskaintzen ditu. Ordizian bertan, Goiztiri AEK euskaltegia dago; Beasainen, Udal Euskaltegia eta Goiztiri AEK; eta Lazkaon, Maizpide Euskaltegi-Barnetegia».
Hizkuntza bat hitz eginez ikasten delako, Mintzalaguna egitasmoaren bitartez «ahozko euskara lagun giroan praktikatzeko aukera» ere badela gogorazi dute. «Ekimen honetan parte hartzeko, Hitzaro Euskara Elkartera jo daiteke».
Informazio hau guztia jasotzen duten 400 eskuorri argitaratu ditu udalak, eta egunotan banatuko ditu Ordiziako etxebizitzetan.