Legazpiko Udaleko Euskara zerbitzuak urteroko diru laguntzak emango ditu aurten ere
Herritik kanpo euskara ikasten dutenei zuzenduta dago atal bat, eta bestea, arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko. Urriaren 31n amaituko da eskaerak egiteko epea.
Aurten diru laguntzak emango dizkie Legazpiko Udalak herritarrei euskara ikasteko eta UEUko edo euskarazko beste ikastaroetara joateko, eta arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko. Euskara Zerbitzuaren diru laguntza programa da, eta eskaerak egiteko epea irekita dago, urriaren 31ra arte.
Diru laguntzen lehen atala herritik kanpo euskara ikasten ari diren herritarrei zuzenduta dago. Barnetegietara edo herritik kanpoko euskaltegietara euskara ikastera, Udako Euskal Unibertsitatera (UEU) edo euskararen normalizazioarekin zerikusia duten bestelako ikastaroetara joan diren herritarrek eska ditzakete laguntzak.
Bigarren atala merkataritzara edo zerbitzuetara bideratuta dago, eta irudi korporatiboan, errotuluetan edo webgunean euskara erabiltzeagatik emango ditu diru laguntzak udalak.
Bi ataletarako laguntzak udaletxean bertan Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan edo udalaren egoitza elektronikoan eskatu daitezke.