MajOrklitoia erronka, Orkliko langileentzat eta Majoriko bazkideentzat
Astebeteko erronkarekin, ahalik eta maratoi gehien osatu nahi dituzte. Orkliko langileek eta Majoriko bazkideek datorren astean igeri, korrika edo bizikletan egindako metroak eta kilometroak batuko dituzte horretarako.
Europako Kirolaren astearekin bat egin dute Ordizian, Orkli kooperatibaren eta Majori kiroldegiaren arteko elkarlanaren ondorioz. MarOrklitoia antolatu dute irailaren 23tik 30era bitartean. Kirola egitera bultzatu nahi dituzte herritarrak, bizitza aktiboagoa eramatera.
Astebeteko erronkarekin, ahalik eta maratoi gehien osatu nahi dituzte. Orkliko langileek eta Majoriko bazkideek datorren astean igeri, korrika edo bizikletan egindako metroak eta kilometroak batuko dituzte horretarako. “Ahalegin fisikoaren bidez desplazamendua eskatzen duten jarduera guztiak hartuko dira kontuan, hala nola ibiltzea, korrika egitea, bizikletaz joatea eta igeri egitea”, azpimarratu dute gaur prentsaurrekoan.
Kilometroak neurtzeko modua
Kilometroak neurtzeko, Strava aplikazioa jaitsi eta bertan erregistratu behar da. Hiru modutan neurtuko dira egindako kilometroak:
· Oinez edo korrika egindako kilometroek beren balioa izango dute (x1)
· Bizikletan egindako kilometroek erdia balioko dute (x0,5)
· Igerian egindako kilometroek bikoitza balioko dute (x2)
“42 kilometro korrika egitearen pare mugitzen diren parte hartzaileen artean, Majori kiroldegiko urteko abonu bat zozkatuko da”.
Orkliko langileek berriz, Ciclogreen APPa erabili behar dute. “Oinez egindako kilometro bakoitzeko 4 ziklo lortuko dituzte, korrika egindako kilometroko 3 ziklo, bizikletan 2 ziklo eta igerian, 8 ziklo. Hala, 126 ziklo edo gehiago (42 km-ren baliokidea) dituztenen artean, Majori kiroldegiko urteko abonu bat zozkatuko da”.