Lazkaoko plaza musikak, sagardoak eta abereek bete dute
Basherri Eguna ospatu zen atzo. Ohi baino abere gehiago, salpostuak ere ugari, eta jendearen arreta erakarri zuen azokak. Larunbatean, aparteko giroa piztu zen sagardo edanarekin eta ondoren Aho Lehor Fest musika jaialdiarekin.
Lazkaoko Basherri Egunaren 12. ekitaldia egin zuten atzo goizean. Herriko lehen sektorearen ispilua erakutsi zuen, plazan. Ohi baino ganadu gehiago eta mota gehiagotakoak jarri dituzte aurten, behor eta zaldi sail bat barne. Arkupe luzean artisauak eta eskulangileak egon ziren, eta plazan baserrietako ekoizleak, gazta, esneki, barazki eta jakiak saltzeko. Jendearengan ere arreta piztu zuten esparruek eta postuek.
Bezperan ere izan zen gozatzekorik, San Migel aurreko asteburuak festa-kutsu betea izan baitu. Larunbatean, sagardo dastaketaren arrimura inguratu zen jendea. Euri arriskuak estalpera bilarazi zituen, bai sagardo postuak, bai ondoren IV. Aho Lehor Fest musika jaialdirako oholtza eta kontzertu-lekua. Sagardozale Elkartetik ekarrita, Gipuzkoako sagardotegietako ehunka botila dastatu zituzten lazkaotarrek. Ohi bezala, herriko soziedadeetako kideak aritu ziren zerbitzatzen.
Arerian bertsolarien saioa bukatutako ordu bertsuan hasi zen, plazako frontoian, Aho Lehorreko taldeen emana. Lauk jo zuten: Katarsi, Finale (Valentzia), Flash eta Black Baconek, bere lehen diskoaren mundu mailako aurkezpenean. Antolatzaileek azaldu duten bezala, orain arteko edizioetan jendetsuena izan da aurtengo jaialdia, entzule kopuruari dagokionez. “Bilbotik, Nafarroatik, Iparraldetik… jende asko etorri da. Kontzertu guztiak, bikain oso. Eskerrak eman beharrean gaude Jotake kultur taldeari, Lazkaoko Udalari, Antsoategi elkarteari, Gazte Asanbladari, Malantza tabernari, Goierriko Hitza-ri eta Goiberri-ri”, esan dute antolatzaileek. Datorren urtean berriz ere antolatzekotan dira. (ARGAZKIAK, BEHEAN)
Basherri Eguneko argazkiak (igandea). Argazkilaria: Aimar Maiz
Sagardo dastaketa (larunbata). Argazkiak: Aimar Maiz
IV. Aho Lehor Fest musika jaialdia (larunbata). Argazkilaria: Aitor Artza