Gaur da Legazpiko saguzarren gauerako izena emateko azken eguna
Ostiralean egingo da, 19:30ean plazatik aterata. Erakusketa eta detekzio jarduera izango da.
Legazpiko Udalak saguzarren gaua antolatu du ostiralerako, eta gaur, hilak 24 da parte hartzeko izena emateko azken eguna. Familiei zuzendutako erakusketa eta detekzio jarduera izango da. Partaideak 19:30ean elkartuko dira plazan, baina eguraldi txarra egiten badu, ekintza bertan behera geratuko da.
Hegan egiteko gai diren ugaztun bakarrak dira saguzarrak, euren eskuak hegal bihurtu baitira. Gaueko ohiturak izateak eta iluntasunean norabidea aurkitzeko duten ahalmenak ekarri du tradizioz, beldurra eragiten duten animaliak izatea.
Baina salbuespen arraroetan izan ezik, saguzarrek ez diote kalterik egiten gizakiari, eta oso erabilgarri eta lagungarriak dira izurriteei aurre egiteko. Espezieen %70 inguru intsektujaleak dira, eta gainerakoetan gehienak, fruitujaleak edo nektarjaleak. Batzuek bakarrik jaten dituzte ornodun txikiak, hala nola igelak, karraskariak, hegaztiak, arrainak, beste saguzar batzuk edo, banpiroen kasuan bezala, odola.
Ostiralean izango da saguzarrei gehiago ikasteko aukera. Ekintza horretan parte hartzeko www.legazpi.eus webgunean eman behar da izena, gaur bertan, beranduenez.