Baserritarren Egunean postua jartzeko eskaera egin daiteke dagoeneko
Urriaren 13an ospatuko da 41. Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketa eta Baserritarren Eguna Idiazabalen.
Urriaren 13an Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketaren 41. ekitaldia eta Baserritarren Eguna ospatuko dira Idiazabalgo kaleetan. Egun horretarako hainbat ekitaldi antolatzen ari dira elkarlanean Idiazabalgo Udala, Artzai Gaztea Elkartea eta San Blas Baserritar Elkartea; besteak beste, gazta lehiaketa, ganadu erakusketa, ume jolasak eta herri kirolen erakustaldia.
Baina horrez gain, artisauen lanak eta baserritarren jakiak ikusi, dastatu eta erosi ahal izateko aukera ere izango da. Azokan postua jartzeko interesa duten ekoizleek eskaera egin beharko dute udalaren webgunean urriaren 1a baino lehen. Horretarako, eskaera-orria jaitsi eta bete beharko dute, eta ondoren online erregistratu, dagokion gainerako dokumentazioarekin batera.
Azokako postuak 2×1 metrokoak izango dira eta Udalak jarriko ditu. Azokaren ordutegia 10:00etatik 14:00etara izango da.