Jasoko langileek greba bertan behera utzi dute
Zazpi greba-egun egin ostean, gaur lanera itzuli dira. Halere, borrokan jarraituko dutela iragarri dute, akordioa lortu arte.
Jasoko langileek greba eten dute eta lanera itzuli dira gaur, LAB eta ELAk adierazi dutenez. Halere, arazoa ez dela konpondu eta borrokan jarraituko dutela azpimarratu dute. Zuzendaritzak zortzi langile kaleratu zituen eta grebara jo zuten aurreko astean, “beste aukerarik gabe”. Zazpi egun egin dituzte protestan, baina gaur eguerdian egindako bileran estrategia aldatzea erabaki dute.
Garai honetan bildutako indarrarekin aurrera jarraitzeko momentua dela esan dute. “Izan ere, geuk bai, negoziatzeko eta egoera bideratzeko borondatea daukagu”. Salatu dute zuzendaritza ezezkoan dagola: “Egun hauetan zehar behin soilik bildu da langileen batzordearekin, akordioaren bidean arrazoizko proposamen bakar bat bera ere egin gabe”. Are, “kaleratzeekin egin duen modu berean ari da bestelako zenbait gairekin: igoerak, hitzarmena, egutegiak…”, gaineratu dute.
Sindikatuek langileak zoriondu dituzte, “erakutsitako konpromezu eta irmotasunagatik”.