Leku aldaketa, gaurko berritasunik handiena Ordiziako azokan
Plaza Nagusiko obrak direla eta, Garagartzara igo dituzte postuak, tartean gaur saltzen hasi den Sustrai Askeak proiektuarena. Intxaurrak eta neguko loreak ere iritsi dira kokapen berrira.
Plaza Nagusiko konponketa lanen ondorioz, feriako postuak Garagartzara igo dituzte gaur, eta bertan jarraituko dute hiru-bat hilabetez. Kalea eta kotxeen pasoa erdian, bi eremutan banatuta egin da gaurko feria, postuak karpa azpian jarrita. Saltzaile batzuk gustura, beste batzuk ez hainbeste, gaurkoa izan da behin-behineko kokapen honen lehen eguna, eta hobetzeko edo aldatzeko puntuak izango dira datozen asteetan. Horretarako borondate faltarik ez dute behintzat antolatzaileek. Erosleak, berriz, ez dira galdu, eta feria gune berrian giro pilota izan da goiz osoan zehar.
Kokapen berria, gainera, saltzaile berriaz lagunduta iritsi da, gaur hasi baita Natalia Magallanes, Sustrai Askeak proiektuko ordezkaria. Bidania-Goiatzen dituzten lursailetan modu ekologikoan ekoitzitako barazkiak eta frutak aurkeztu ditu gaur goizean Magallanesek, eta hurrengo asteazkenetan ez dio hutsik egingo Ordiziako hitzorduari. Gogoz beterik iritsi da, eta hala hasi du bere jarduna, berritasunak aurkeztuz gainera.
Produktu berriak, Bidania-Goiatzetik
Magallanes produktu berriekin iritsi da, horien artean, sagar zukua. Aurtengo sagarrekin egindako zukua da, eta litroa 4 euroan jarri du salgai.
Barazkien atalean, berriz, beste produktu hauek aurkeztu ditu: arbi aza, berdea eta morea, kiloa 4 euroan; mihilu erraboila, bakoitza 1,40 euroan; daikon arbia, kiloa 3 euroan; eta udare tomatea, 4,5 euroan kiloa. Produktu bereziak dira gehienak, baina Sustrai Askeak proiektuko saltzaileak nabarmendu nahi izan du ohiko barazkiak ere badituela, eta gaur, horien artean, azelga edo zerba ikusgarriak zituen salgai.
Intxaurrak eta gaztainak
Udazkeneko lehen feria ere izan da gaurkoa, eta urtaro horri lotutako produktu bat ere izan da berritasun, intxaurra. Azken urteetan hemengo intxaurrondoak duten gaixotasunagatik aurten ere intxaur gutxi izango omen da, baina Ordiziara iritsi dira denboraldiko lehenak, Altzagan Arantxa Lopetegik ditun lursailetatik. Maria Jesus Oria horren ilobak zituen salgai, kiloa 5 euroan.
Plazako gaztaina bakarrak ere Lopetegik eraman ditu, eta horiek 3 euroan zituen salgai.
Fruta berri gehiago ere izan da gaur salgai, piku berdea. Hori Maite Zurutuzak zuen, kiloa 4,5 euroan.
Loreak, neguari begira
Zurutuzak lore sortak izan ohi ditu salgai, eta gaur ere bazituen, margarita txikiez, margarita handiez eta daliez osatutakoak, sorta 5 euroan.
Baina lore biziak ere aipatu behar dira, azken asteetan neguko denboraldiari jarrita daudelako. Hala, Iñaki Azanza eta Maria Dolores Mendizabal hasi dira kolore desberdineko ziklamenak saltzen (4,5 euroan txikiak, eta 6,5 euroan handiak), azaleak ere eskaintzen dituzte (8,5 eta 13,5 euro artean), baita txilarra ere (6.5 eta 8,5 euro artean). Eta gaur bertan, biola aurkeztu dute 1,5 euroan), laster iritsiko den pentsamenduaren aurrekari gisa.
Perretxikoak, ugaritzen
Perretxikoen eskaintza oparoa izaten da udazkenean, eta gaur halakoa izan da, ez agian kantitatean, baina bai aukeran. Gainera, gorringoak denboraldia hasi du; Barcinaren postuan zuten salgai, kilo eta erdi, kiloa 33 euroan.
Bestela, hemen inguruko basoetan bildutakoak ere batuta, honakoa izan da gaurko eskaintza, denera: 130 kilo onddo, kiloa 16 eta 35 euro artean; 85 kilo ziza hori, 15 eta 20 euro artean; 40 kilo gibelurdin, 20 eta 30 euro artean; eta 16 kilo niskalo, 16 eta 27 euro artean.
Taldeen bisitak hasi dira
Udazkenarekin, D’elikatuz zentroak kudeatzen dituen taldeen bisitak ere hasi dira. Gaur izan da lehena, 60 ikasle talde batek egindakoa. Zarauzko Oteiza institutukoak ziren, DBH 3ko ikasleak.