Mendiak elkartu ditu aurten ere
Bost herrien arteko IX. Ibilaldia egin dute Idiazabalgo mendietan. Geologia izan dute aztergaia, eta Ataungo Domoa erakusleiho. Txetxu Ormazabal zenari omenaldi txiki bat egin diote abieran.
Aizkorpeko bost udalerrietako herritarrak mendian elkartuta. Horixe da Bost Herrien Arteko Ibilaldiaren funtsa. Seguran hasi zen dena, 2015ean, Segurako Kirol Elkarteko mendizaleek, Idiazabal Kirol Elkartekoek, Zegama Ameztikoek, Mutiloako Txerri Gorri elkartekoek eta Zeraingo Liztormendikoek urtero-urtero eta txandan-txandan mendi ibilaldi bat egitea erabaki zutenean. Aurten Idiazabalen txanda izan da, eta 11,5 kilometroko ibilbidea egin dute larunbatean geologia gaitzat hartuta.
Lau ordu pasako ibilbidea denez, 08:00etan abiera plazatik. Aurrez, Segurako mendizale Txetxu Ormazabal zenari omenaldia, eta haren alargunari oparia. Gurutzetako ermitatik Olaberriko Oiarbide aldera jo, eta handik, mugarik muga, Irumugaetako gainera (727 m.), eta segidan Ataun eta Idiazabalen arteko muga toki den Arantzazumendira. Aldapa pikoa igoz, Atxurbidera (782 m.).
Ataungo Domoa parean
… eta itsaspetik lurra agertu zen izan da aurtengo lema, eta gain horrek Ataungo Domora duen ikuspegia baliatu du Joxan Auzmendi biologoak egitura horri buruz aritzeko. Pilarrenean bazkalduz borobildu dute eguna.