Mutiloako Ostatua berriz ere martxan
Dina Aivar eta Litziana Licas perutarrak dira Ostatuko maizter berriak. Pasa den irailaren 13an hasi ziren zerbitzua ematen.
Pasa den irailaren 13an ireki zituen ateak berriz Mutiloako Ostatuak, abuztuaz geroztik itxita egon eta gero. Dina Aivar del Pino eta Litzana Licas Campos dira maizter berriak. Mutiloarrek beso zabalik hartu dituzte, eurena bezalako herri txiki batean ostatuak ematen duen zerbitzua ezinbestekoa delako. Mutiloan Ostatua taberna baino gehiago, bilgune ere badelako.
Aivar eta Licas perutarrak dira jaiotzez baina aski ezagunak dira Mutiloan, besteak beste, Lierniko Mujika jatetxean lanean jardun dutelako orain gutxira arte. Aivar 2006tik bizi da Goierrin eta Ordiziako Tximista sagardotegian hasi zen ostalaritzan. Aurretik zerbitzari bezala aritu zen, baina 2021ean sortu zitzaien Mujika jatetxea hartzeko aukera.
Ordurako Licas herrikidea ere Goierrira etorrita zegoen: «Ni bisitatzera etorri zen, baina pandemiaren eraginez bertan geratu behar izan zuen». Licasek Tolosako jabetza-erregistroan egiten du lan, baina Mujikan bezala, Mutiloako ostatuan ere Aivarrekin batera arituko da lanean «arratsaldeetan eta asteburuetan». Mujika «handiegia» geratu zitzaien eta Mutiloan bila zebiltzana aurkitu dute. Han bezala, Mutiloan ere «etxean egindako bertako janaria» eskainiko dute. Euskal Herriko gastronomia «oso gustuko» dutela aitortu dute biek ala biek.
Denetarik, denentzat
Astelehenetan atseden eguna dute, eta gainontzeko egun guztietan zabalik izango dute taberna: asteartetik ostegunera eta igandeetan 10:00etatik 22:00etara, eta ostiral eta larunbatetan 10:00etatik 00:00etara. Astean zehar eguneko menua eskainiko dute, eta ostegunetan pintxo-potea izango dute 19:00etatik 20:00etara. Ostiral eta larunbat iluntzeetan plater konbinatuak, ogitartekoak, hanburgesak, errazioak… egongo dira aukeran, eta asteburuetan, asteburuko menua eta karta. Taberna zerbitzuaz gain, ostatu zerbitzua ere kudeatuko dute hemendik aurrera.