Bicktor Probanza, Madrilen paparazzi, Urretxun artista
Bicktor Probanza urretxuarrak bizitza osoa darama argazkigintzan. Lan artistikoak atsegin ditu batez ere, baina paparazzi bezala ere lan egin du.
Bicktor Probanza argazkilari urretxuarrak bizitza zirraragarria izan du. 1980ko hamarkada ondo ezagutu zuen, ondoren Madrilen hainbat lanbidetan aritu zen eta egun bere jaioterrian bizi da. Bere argazkiak Berit tabernan ikusgai jarri ditu.
Ikasketak Batxilergoan utzi zituen, aitaren fabrikan lan egiteko. Lana argazkigintzarekin uztartzen zuen. “Hemengo zenbait gaztek (Gonzalo Merinok, Kike Vierbucherrek…) Urretxuko kultur etxeko argazkigintza tailerra hartu genuen. Ikastetxeetan ikastaroak ematen hasi ginen, bi aldizkari egiten genituen, erakusketak, lehiaketak… Urte haietan droga asko zegoen, baina baita kultur mugimendu indartsua ere. Udalek kultura babesten zuten”.
Probanzak esperimentatzea oso gustuko zuen. “Autoetan eta hormetan argazki erraldoiak egin nituen. Marakaibo tabernan, adibidez. Beste behin, Goñi pilotari zumarragarraren argazkia jarri nahi izan nuen Zelai Arizti pilotalekuan. TVEkoak eta El Diario Vasco-koak erreportajea egitera etorri ziren. Baina berandutu egin ginen, tren bat pasa zen eta argazkia gaizki atera zen”.
«Hasi ginen garai haietan droga asko zegoen, baina baita kultur mugimendu indartsua ere. Udalek kultura babesten zuten»
Ondoren, Madrilera joan zen. “EFErentzat erreportajeak egin nituen eta limusina gidaria izan nintzen. Horretaz gain, hainbat pelikulatan figurante gisa lan egin nuen (Belle Epoque, Cuentos de Borges…). Figuranteez arduratzen zenari nire izaera gustatu zitzaion eta telebistako programetara azafatak eta ikusleak eramateko kontratatu ninduen. Un, dos, tres; Videos de Primera; Caliente, caliente… saioetan lan egin nuen. Caliente, caliente saioan lan egiten ari nintzenean Primera Hora agentziako arduraduna ezagutu nuen eta berarekin lan egitea proposatu zidan”.
Lehen egunean, zaplaztekoa
Paparazzi bezala lan egin zuen lehen egunean, zaplazteko bat jaso zuen. “Alfonso de Borbonen argazki batzuk ateratzera bidali ninduten. Gertuegitik atera nizkion, ikusi egin ninduen eta zaplaztekoa eman zidan. Ordutik aurrera, teleobjetiboa erabili nuen. Lan ona egin nuen. Nire argazki batzuk Felipe Gonzalez kargutik kentzeko erabili zituzten: Pozuelon erosi zuen txaletera altzariak eramaten harrapatu nuen eta ABC egunkariak azalean atera zituen, Gonzalezek gobernua utzi behar zuela esanez. Alcasserren ere argazkiak atera nituen. Hilkutxen argazki bat Hola aldizkarian argitaratu zuten. Alicia Koplowitzi Korsikan atera nizkion argazki batzuen truke hiru milioi pezeta ordaindu zituzten. Ez zituzten argitaratu, mutil-lagunarekin eta penagarri ageri zelako”.
«Alfonso de Borbonen argazki batzuk ateratzera bidali ninduten. Gertuegitik atera nizkion, ikusi egin ninduen eta zaplaztekoa eman zidan. Ordutik aurrera, teleobjetiboa erabili nuen. Lan ona egin nuen»
Agentziako bazkide izatea lortu zuen, baina familia izan nahi zuen eta Madril ez zitzaion horretarako toki egokia iruditzen. Hori dela eta, Urretxura itzuli zen. “Han orduak behar dira mendira joateko eta hemen Santa Barbara ondoan dugu. Gainera, seme-alabek Kaixo, aita esatea nahi nuen, ez ejke”. 26, 24 eta 19 urteko hiru seme ditu.
Bere azken proiektua Berit tabernako erakusketa izan da. “Garai bateko teknikak gustatzen zaizkit. Kike Vierbucherren aitak 1935eko argazkigintza entziklopedia bat oparitu zidan eta hortik asko ikasi nuen, kamera zaharrak erosi ditut… Garai bateko teknikekin egiten diren argazkiak errepikaezinak dira. Gaiei dagokienez, estudioko argazkiak gustatzen zaizkit. Beriteko erakusketan 1980ko, 1990eko eta 2000ko hamarkadetako argazkiak ikusi daitezke: David Bowie Donostian egin zuen azken kontzertuan, Ozeano Bareko irla bateko printzesa bat… Egun, mugikorrarekin ere argazki asko ateratzen ditut. Loreen argazkiak ateratzea gustatzen zait. Gertutik. Sekulako sorpresak eskaintzen dituzte”.