Seguran energia komunitatea sortzeko lehen pausoak
Bihar arratsaldean izango da lehenengo bilera informatiboa. Bertaratu ezin dutenek, udalera deitu dezakete informazioa eskatzeko.
Segurako Udalak ohar bidez jakitera eman du herrian energia komunitatea sortzeko aukera eta interesa dagoen aztertzeko prozesu bat abiatuko duela. Prozesua Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduko du. Horretarako bilera informatiboa deitu du biharko, 18:00etan Danon gelan. Energia komunitateen inguruko informazioa zabaltzeaz gain, autokontsumo partekatua egiteko instalazio fotoboltaikoa ezartzeko egoki izan litezkeen teilatuen azterketa ere egingo dute.
Larrialdi klimatikoaren testuinguruan udalak «bultzatu beharrezkotzat» jo du energia sortu ahal izateko dauden baliabideak aztertzea eta horretarako «ahalik eta herritar gehien» asmo honetara erakartzea. Bertaratzerik ez, baina gaiari buruzko informazioa jaso nahi duten herritarrei udalera deitu eta informazio eskatzeko gonbita luzatu diete.