Indarra lantzeko gela berri bat ireki dute Antzizar kiroldegian
Muskulazioa lantzeko makina espezifikoak eta pisu librekoak daude. Antzizar kiroldegiko gimnasioari arnasa ematea da helburua. 215.000 euroko inbertsioa suposatu dio Beasaingo Udalari.
Indarra lantzeko espazio berri bat egokitu dute Beasaingo Antzizar kiroldegian. Aste honetan inauguratu dute, eta nahi duen orok erabil dezake.
Azken urteetan erabiltzaileen gorakada nabarmena izan da indarra lantzeko Aintziza kiroldegiko gimnasioak duen eremuan. Leire Artola Beasaingo alkateak azaldu duenez, «beharrak aldatu egiten dira, eta gimnasioan, indarra lantzeko eremu horretan, geroz eta jende gehiago ibiltzen zela ikusita eta herritarren eskariari erantzunez, gimnasioaren osagarri bezala egin dugu indarra lantzeko gela hau».
Migel Perez arkitektoak diseinatu du eta Unebide enpresak gauzatu du. Zoru berezia pisuzko ariketak egiteko, aire girotua, eta indarra lantzeko makina berriak jarri dituzte, besteak beste. 215.000 euro inguruko inbertsioa egin du Udalak.
Erabat berria
Kiroldegiko erabiltzaile guztientzat irekita dago gela Peru Elosegi kiroldegiko kirol teknikariak azaldu duenez. Bertara sartzeko, harreran galdetu beharko dira arauak.
Gela honen ezaugarri nagusia da, muskulazio eremu bat dela. Makina berritzaileenak jarri dituzte, eta muskulatura espezifikoa landu daiteke bertan. Makina gidatuak dira, eta pisu osagarria jarri nahi izanez gero, diskoak gehitu beharko dira. Gehienbat goiko gorputz adarra lantzeko makinak dira: bizkarra, sorbaldak, eta bularra. Horrez gain, pisu libreko eremua dago, non kautxozko zorua ipini duten eta mankuernero berri bat dagoen.
Bigarren espazio honekin, «gimnasioari arnasa ematea da helburua» adierazi du Elosegik.
Bertan dauden materialak nola erabili behar diren aholkua nahi duenarentzat, teknikari bat egongo da, 10:00etatik 13:00etara eta astelehen eta asteazkenetan 17:00etatik 19:00etara eta astearte eta ostegunetan 17:00etatik 20:00etara.