Mendian oroituko dute Txetxu Ormazabal
Urtarrilean zendu zen Txetxu Ormazabali omenaldia egingo diote igandean segurarrek. Unamendira mendi irteera eta omenaldia antolatu dituzte.
«Gazteegi eta sorpresaz» joan zen Txetxu Ormazabal urtarrilean. Familia eta lagunak utzi zituen Seguran eta «hutsune handi bat» jaioterrian. Hala mintzo da Joxe Mari Izagirre Segura kirol elkarteko mendi saileko kidea, Ormazabalen taldekide eta laguna izandakoa. Mendiarekiko zuen zaletasunagatik oroitzen dute gehienek gaur. «Pertsona alaia eta kirolzalea zen, beti laguntzeko prest zegoen horietakoa», gehitu du Izagirrek. Bizi zen artean emandako guztiagatik, omenaldia egingo diote igande honetan segurarrek. Ez da bakarra izango, ordea. Pasa den asteburuan, San Joan txirrindulari proban oroitu zuen Ormazabal Segurako txirrindulari elkarteak eta Bost herrien arteko 9. ibilaldian ere gogoan izan zuten.
Segurako mendi taldeko arduradun izan zen Ormazabal hastapenetatik; «mendi elkartearekin zerikusia zuen guztietan aritzen zen», oroitu du lagunak; federatzeko txartelen kudeaketak egitetik, mendi irteerak antolatzera. Elkartea ofizialki sortu aurretik ere, mendi irteerak antolatzen zituela aipatu du Izagirrek.
Aurretik eman duelako
Ahalegin handia egin zuen beti herritarren artean mendizaletasuna sustatzeko, baita gazteenen artean ere. «Azkeneko urteetan eskola kirolaren barruan ere aritzen zen antolaketa lanetan, mendi irteerei dagokionez», kontatu du. Kontzientziaz eta ardura handiz betetzen zuen bere betebeharra, «astebururen batean ibilaldi bat antolatuta zegoenean, egun batzuk lehenago ibilbidea egitera joaten zen, ingurua aztertu eta haurrekin arazorik ez egoteko». Kirolarekin zerikusia ez zuten herriko beste hainbat ekitalditan ere parte hartzen zuen, «Erdi Aroko edo lore eta landare azoken prestaketa lanetan», kasu.
Igandean, mendi irteera batekin eta omenaldi batekin agertuko diote Ormazabali herritarrek beren esker ona, «berak eman duelako ari da orain omenaldi hauek jasotzen», azpimarratu du Izagirrek. 08:30ean abiatuko dira plazatik, Mariñamenditik Unamendira joateko. Han, segurarren «mendi kuttunean» egingo dute omen ekitaldia, 12:00etan. Zuzenean bertaratzeko aukera ere badago, hala nahi duenarentzat.