Pertsona Nagusien Astea ospatuko dute Zumarragan, asteartetik aurrera
Udalak eta Pertsona Nagusien Kontseiluak Zumarragako Pertsona Nagusien Astea antolatu dute. Datorren asteartetik igandera izango dira ospakizunak.
Asteartean Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna ospatuko dute. 11:30ean adinekoek egindako eskulanen erakusketa inauguratuko dute Zumarragako plazako baserritarren gunean. Erakusketa ostegunera arte izango da zabalik. 18:30ean jubilazioaren inguruan hausnartuko dute Zelai Arizti aretoan. Gainera, manifestua irakurriko dute.
Asteazkenean, 10:30etik 12:00etara, belaunaldien arteko ibilaldia egingo dute. Plazatik abiatuko dira. 18:30ean Las cosas sencillas pelikula emango dute Zelai Arizti aretoan.
Ostegunean ekitaldi bakarra izango da: jubilatuen Irri Makila taldeak antzerki saioa egingo du. 19:00etan hasiko da, Zelai Arizti aretoan. Biharamunean, berriz, ostiralean, Gurutz Linazasoro neurologo zumarragarrak Gaixotasun neurologikoak pazientearen eta familiaren ikuspegitik hitzaldia egingo du. 17:30ean izango da, kultur etxean.
Larunbatean, 17:30etik 18:30era, belaunaldi ezberdinetako bizilagunek elkarrekin jokatuko dute azokan, eta ondoren, 19:00etan, dantza saioa izango da Gure Txoko jubilatuen elkartean.
Bukatzeko, igandean bi ekitaldi izango dira: 17:30ean Goiargi abesbatzak Argixao adinekoen egoitzan abestuko du, eta 19:00etan, dantza saioa izango da El Salvador jubilatuen etxean.
Ekitaldiak gaur goizean aurkeztu dituzte, kultur etxean. Aurkezpenean Arantxa Gonzalez zinegotziak eta Pertsona Nagusien Kontseiluko Lurdes Rodriguezek eta Juani Fernandezek parte hartu dute. Pertsona Nagusien Astea egitasmoaren helburua adinekoen ekarpena balioan jartzea dela aipatu dute. Baita belaunaldi ezberdinak elkartzea ere, guztien artean herri hobe bat egiteko.