Porru kaleko festetarako prest
Ostiralean 18:30ean jaurtiko dute festen hasierako suziria. Edu Zardoya, Nikotina, DJ Tintz, Muxutruk eta DJ Fresa Morango taldeen kontzertuak izango dira, besteak beste.
Porru kaleko festak ospatuko dituzte bihar eta etzi. Duela bost urte antolatu zituzten lehenengoz jai hauek, eta honaino iristea posible izan bada, gazteen arteko auzolanari esker izan da. Aurten adibidez, herriko 100 gazte inguru elkartu dira jaiei bultzada emateko.
Aurtengo egitarauari dagokionez, ostiralean 18:30ean jaurtiko dute jaiei hasiera emango dien suziria. Ondoren, sagardo dastaketa izango da, Gernika pasealekuko frontoian. Musika ere ez da faltako. Edu Zardoya, Nikotina, eta DJ TIntz izango dituzte; eta larunbatean, berriz, arratsaldeko elektrotxarangaren ondoren, Muxutruk erromeria taldea eta DJ Fresa Morango.
Gogoratu ere, larunbaterako, herri bazkaria antolatu dutela. Xuber tabernan txartel gutxi batzuk gelditzen dira salgai. Eta bazkal ostean, bingo musikatua izango da.
Antolakuntza taldean diharduten gazteek “festetan parte hartzeko deia” egin dute.