Segura eta Urruña herrien arteko senidetzea onartu du udalak
Orain urte bete hasi ziren udal mailan senidetzearen alde lehendabiziko pausoak ematen. Herri mailan, bi herrien arteko harremanak 30 urte baditu jada. Urriaren 13an sinatuko dute bi udalerriek Urruñan senidetzea, mugaz bestalde egingo duten ekitaldi batean.
Orain urte bete inguru hasitako ibilbidea ofizial egin dute Segurako eta Urruñako udalek. Bi herrien arteko elkarkidetzak hiru hamarkada baditu jada —Iparra-Hegoa kultur astea da horren adierazle nagusiena—, baina orain urte bete hasi ziren bi herrien arteko senidetzearen bidea urratzen. Izarra Urdalleta Segurako alkateak kontatu duenez, “urrian Segura ezagutzera etorri ziren Urruñako hautetsiak eta azaroaren amaieran gu joan ginen bertara”.
Senidetzea gauzatzeko lehen urratsak izan ziren haiek. Orain, uztailean Urruñako udaletxean onartu zuten proposamena osoko bilkuran eta gauza bera egin dute aste honetan Seguran ere. “Segurako alkate eta zinegotziek aho batez onartu dugu”, argitu du Urdalletak.
Behin bi udaletan proposamena onartuta, datorren urriaren 13an sinatuko dute bi udalek senidetzea, Urruñan egingo duten ekitaldi batean. “Helmuga horretara iristeko ahalegina egingo dugu, hartu-eman kulturalen bitartez, herri bien arteko lankidetza sustatuz, adiskidetasun loturak indartuz eta harremanak ugarituz, baita euskara gure hizkuntza dela aldarrikatuz ere”, azpimarratu dute Seguratik.
Urriaren 13an Urruñara joateko autobus bat antolatuko dute Seguratik. Urriaren 7ra arte eman ahal izango da izena udaletxean.