«Simetriekin tematuta nabil, eta argazki bilduma bat osatu dut»
Roberto Oria artista gisa agertu da berriz ere legazpiarren aurrean, oraingoan argazkien bitartez. Irudiak moldatuz sortutako simetriekin bete ditu Joan Kruz ile apaindegiko paretak.
Roberto Oria San Juanen (Legazpi, 1969) Simetriak izeneko argazki bilduma dago ikusgai Kale Nagusiko Joan Kruz ile apaindegiko erakusketa berrian, irailean eta urrian zehar. Metalaren alorreko familiaren tailerrean egiten du lan, baina artearen munduan ere murgildu da behin baino gehiagotan.
Zer da Simetriak erakusketa?
Azken aldian argazkilari moduan lantzen ari naizen proiektuaren zati bat da, simetrien inguruan egiten ari naizen proiektuarena. Edozer gauza ikusi, eta simetria bat atera diezaiokedala iruditzen bazait, argazkia egiten diot, eta gero, ispiluaren teknika erabilita, digitalki moldatzen dut, photo shop programarekin.
Nolako argazkiak dira?
Egia esan, edozein tokitan eta edozein unetan ateratzen ditut argazkiak, bazkaltzean, basoan paseoan, baita lanean ere, sopletearekin zerbait soldatzean ari direnean argi interesgarri bat ikusten badut, adibidez. Paisaiak ere gustatzen zaizkit, eta egiten ditut, baina orain, gehiena, simetriak egiteko argazkiak ateratzen ditut.
Kamera gainean eramaten al duzu beti?
Lehen bai, baina orain argazki kamera oso onak dituzte telefono mugikorrek, eta horiekin ateratzen ditut. Telefonoa gainean eramatea errazagoa edo normalagoa da kamera bat baino, niretzat behintzat.
Horrela ateratako argazkiak erakusten al dituzu Simetriak bilduman?
Bai. Gai honekin tematuta nabilela esan daiteke, eta erakusketarako bilduma bat osatu dut, muestra bat edo. Tamaina askotako argazkiak jarri ditu erakusketan, txikiak, handiak… eta era guztietako simetriak agertzen dira lan horietan. Ez dakit zenbat argazki diren zehazki, baina ile apaindegi osoa bete dut, parea guztietan dago zerbait. Eskultura bat ere jarri dut.
«Ni oso pozik geratu naiz emaitzarekin, batez ere ingurukoen aldetik erantzun ona jasotzen ari naizela kontuan hartuta»
Nolako erantzuna izan duzu?
Ni oso pozik geratu naiz emaitzarekin, batez ere ingurukoen aldetik erantzun ona jasotzen ari naizela kontuan hartuta. Hain zuzen, inguruko horiek bultzatuta egin dut erakusketa. Simetrien gaia lantzen ari nintzela bazekiten, eta bildumatxo bat osatu eta erakustera animatu ninduten. Joan Kruzek erakusketarako data jarri zidan, eta aurrera, hemen daude lanak ikusgai.
Salgai omen daude.
Bai, salgai ere bai. Baten batek erosi nahi baditu, esan diezaiola Joan Kruzi.
Honakoa ez da zure lehen erakusketa.
Ez. Lehenengo bakarkako erakusketa 2009an egin nuen, ile apaindegi honetan bertan, uste dut Joan Kruzek egiten zuen hirugarrena izan zela. Ordenagailuarekin egindako marrazkiak jarri nituen ikusgai, baita argazki eta burdinazko eskultura batzuk ere. Aurretik ere erakutsiak nituen nire lanetako batzuk, beste artista batzuekin batera, Legazpiko Txo! kolektiboaren inguruan sortutako mugimenduari esker batez ere, baita ondoren ere. Orduko lanak nahiko basatiak zirela esan daiteke, marra batzuk egin, haiekin konposizioak sortu… Garai haietako nire lanetako bata, nire lehen lanetako bat hain zuzen, Nafarroa kaleko Gazi-Gozo dendan ikusi daiteke.
Txo! kolektiboa aipatu duzu.
Bai, eta bereziki artista talde horren sorreran egon zen Gorka Salmeron aipatu nahiko nuke, haren bidez hasi nintzelako ni ere argazkigintzaren munduan. Askotan laguntzen nion argazkiak ateratzera joaten zenean, tripodeak eta bestelako materiala eramaten. Horrela sartu zitzaidan harra, duela urte asko, eta orain arte.
Simetriekin jarraituko al duzu?
Lehen ere esan dut horrekin nahiko tematuta nabilela, eta argazkiak atera eta irudien simetriak konposatzen jarraituko dut.l