Igandeko Aizkorrin Barrena mendi martxetarako dena prest dago Brinkolan
Tren geltoki ondotik abiatuta, bi ibilbide izango dira, 29 kilometroko Zanpa Zanpa 29 kilometrokoa, eta 14,5 kilometroko Tipi-Tapa. Antolatzaileek trenez joateko eskaera egin dute. Auzoan bazkaltzeko aukera izango da.
Bi egun besterik ez dira falta mendizaleen Brinkolako hitzordurako. Igandean Aizkorrin Barrena mendi martxen edizio berri bat egingo dute, iragarpenek diotenez, eguraldi onaz lagunduta gainera. Aizkorrin Barrena antolaketa batzordeak dena prest du, Legazpiko Udalaren eta Izadi Zaleak elkartearen eta Brinkolako Armuño eta Arriurdin elkarteen laguntzarekin. Egunean bertan, boluntario talde handi batek ere egingo du lan, eta horien artean Atzegiko kideak eta Lekanazpi elkarteko bazkideak ere izango dira, azken horiek bazkaria prestatzen.
Aizkorrin Barrenak 15. edizioa du aurten, eta ohi bezala, inguruko mendietan egiteko bi ibilbide izango ditu, Brinkolako geltoki ondotik abiatuta. Ibilbide luzea edo Zanpa Zanpa 29 kilometrokoa izango da, eta 1.550 metroko desnibela du. eta besteak beste, Aizaleku, Otaño, Oakoroso, Biozkorna eta Lizarraga igaroko ditu. Ttipi Ttapa edo ibilbide motza ordu bete geroago aterako da, 09.00etan, eta 14,5 kilometroko luzera eta 700 metroko desnibela du; Haizaleku eta Otaño dira ibilbideko gune altuenak. Bi ibilbideetan anoa postuak izango dira, jatekoarekin eta edatekoarekin: Aztirian bat, Ttipi Ttaparen 8. kilometroan, eta Oakoroson bestea, Zanpa Zanpa martxaren 13,60. kilometroan. Antolatzaileek Brinkolara trenez joateko eskaera egin dute, eta eguerdi-arratsaldean Legazpira itzultzeko Junetorri zerbitzua ere izango dela iragarri dute.
Mikel Oskoz galdera lehiaketa ere antolatu dute aurten, bederatzigarren edizioa. Ibilbidean zehar betetzeko galdetegia da, eta sariak izango dira partaideentzat. Bestalde, partaide guztiek kamiseta jasoko dute amaieran.
Festa giroa egun osoan
Mendizaleek festa giroa izango dute Brinkolan egun osoan zehar, eta musikarik ez da faltako. Azken urteetan bezala, auzoko ekoizleek postuak jarriko dituzte, barazkiak, gozoak eta bestelako produktuak saltzeko. Aizkorri Barrenaren aurreko edizioetako kamisetak erosteko aukera ere izango da feria txiki horretan.
Lekanazpi elkarteak ere lagunduko du, eta bazkaria prestatuko du, makarroi ekologikoekin, Brinkolako txekor haragiarekin eta Legazpiko Idiazabal gaztarekin egindakoak. Bazkarirako txartelak egunean bertan salduko dituzte 5 euroan, eta edaria Armuño elkartean egongo da salgai. Bazkaltzeko tokia elkartearen aurrealdean egokituko dute, karpa batzuekin.