Proiektuak bozkagai dira
Lazkaon 11 egitasmo proposatu dituzte udal aurrekontu parte hartzaileetan, hiru aukeratzeko.
Datorren urtean gauzatzeko herritarrek hiru proiektu aukeratzeko ekimenaren bigarren fasea abiarazi du Lazkaoko Udalak. Aurrekontu parte-hartzaileen bidez, guztira 200.000 euroko inbertsioak bideratu nahi ditu udalak, modu horretara.
Lehen fasean, herritarrek ideiak eta proposamenak aukeratzeko txanda izan zuten. Denera 110 proposamen jaso zituen udalak, eta haien artean baheketa bat egin dute. 11 proposamen aukeratu dituzte bigarren faserako.
Azpiegiturak dira bereizitako proposamen guztiak, herriko sarrera-irteeretan segurtasun kamerak instalatzearena izan ezik. Haurren ur parkea jartzea eskatu duenetik, bidegorri, baserri-bide edo bizikleta zirkuituak eskatu dituztenetara, edo herri baratze gehiago sortzera.
Bozketa urriaren 14ra arte
Emandako 11 aukeren artetik, hiru lehenetsiko dira orain. Lazkaon erroldatutako 16 urtetik gorako bizilagun guztiek bozkatu ahalko dute. 2025eko aurrekontuan sartuko dira.
Etxeetara banatu dute bozkatzeko esku-orria, eta on-line ere badago. Udaletxean, kutxa batean sartu behar dira, harrera orduetan (astelehenetik ostiralera, 10:00-19:00). Urriaren 14ra arte egongo da gustuko proposamenak bozkatzeko epea irekita.
- 1. Txakurrak garbitzeko gunea, 5.000 euro
- 2. Bizikleten aparkalekuak estali, 70.000
- 3. Herri baratzeetan sail gehiago sortu, 10.000
- 4. Segurtasun kamerak jarri herriko sarreretan, 20.000
- 5. Txakurren gunea Enpaundiko lorategian, 18.000
- 6. Ziburuak Harizti Handi parkean, 12.000
- 7. Bizikleta naturalen zirkuitua Harizti Handin, 80.000
- 8. Haurrentzat ur txorroten parkea, 120.000
- 9. Bidegorria egokitu Jose Lasa-Santa Madalena bitartean, 20.000
- 10. Agerre-Izarbaso bidearen zorua berritu, 40.000
- 11. Bizikleta estatiko adimendunak kiroldegian, 20.000