Zurbano kaleari Joseba Intxaustiren izena jartzeko proposamena egin dute
Segurako plaza zaharreko lagunak eta Erraztiolatza museoaren proposamena da. Eskaria asteartean aurkeztu zuten Segurako udaletxean.
Segurako plaza zaharreko lagunak eta Erraztiolatza museoak Zurbano Kaleari izena aldatu, eta Joseba Intxausti Kalea izena jartzeko eskaria egin dio Segurako Udalari. Horrekin batera, eta Intxaustik euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpen mardula aintzat hartuta, herriko kultur-guneren bati ere —kultur etxea, eskola edo liburutegia aipatu dituzte—, haren izena jartzeko proposamena egin dute.
Irailaren 14an, iaz hil zen Joseba Intxausti herritarrari omenaldia egin zioten Seguran. Omenaldi hari “jarraipena” eman nahi diote orain, udalari egindako eskariaren bitartez. “Ondo egon zen omenaldia eta Joseba Intxausti zenaren irudia ongi erakutsi zen ekitaldi horretan. Baina guk, ekintza haratago eraman nahi dugu. Uste dugu gure herritar ospetsu honek eta bere lan eskergak zerbait gehiago, handiagoa merezi duela”, adierazi dute udalari helarazitako oharrean.
Joseba Intxausti Zurbano kaleko 10. zenbakian jaio eta bizi izan zen. Horregatik, uste dute “ez legokeela inondik inora ere sobera kale horren izena aldatu eta bere omenez, aurrerantzean bere izenarekin ezagutzera ematea”, azpimarratu dute. Proposamena asteartean sartu zuten udaletxean eta orain erantzunaren zain daude.