Final zortzirenetako azken saioari begira geratu dira bertsolariak
Asteburuko bost goierritarretan, Aratz Igartzabal sendoen. Azpeitiko saioan ebatziko da zein igaroko diren final-laurdenetara. Apalategi, Iturriotz eta Aiestaran, emaitzen zain.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenen fasean datorren larunbatean ikusiko da zein 24 bertsolarik egingo duten aurrera. Zazpi saiotatik sei jokatu dira, azkenak zapatuan Hondarribian eta igandean Andoainen. Aratz Igartzabalek izan ezik, puntuaketa apala atera dute beste lau goierritarrek.
Aurreneko faseak sare xehez galbahetu du Goierri. Txapelketan hasieratik abiatu diren 14 bertsolarietatik sei jokoz kanpo geratu dira dagoeneko sailkapenean, eta beste hiru eremu labainkorrean daude, Azpeitiko saioan gertatzen denaren menpe. Final-laurdenetan kantatzeko txartelaren jabe dira matematikoki Amaia Iturriotz urretxuarra, Aratz Igartzabal gabiriarra eta Eneko Araiztegi segurarra.
Iturriotzek Lasarteko saioa irabazi zuen, eta zuzenean joan da hurrengo fasera. Aratz Igartzabal zazpigarren dago sailkapenean, Hondarribian 478 puntu poltsikoratuta; zuzenean sailkatu ez direnen artean bigarren onena da.
Hondarribiko Itsas Etxeko saioa Eneritz Artetxek irabazi zuen, zapatuan (482,5). Igartzabal hurrean geratu zen, arrats osoko lan erregularrari gailurra koplatan emanda. Maddi Aiestaran beasaindarra bosgarren (444,5) eta Ane Beloki legazpiarra seigarren (419,5) geratu ziren.
Igandean, Andoainen, June Aiestaran laugarren izan zen (448), eta Endika Igartzabal seigarren (437). Aitor Salegik irabazi zuen (470).
Larunbatean Azpeitian
Zazpigarren eta azken saioa Azpeitiko Soreasu antzokian jokatuko da, larunbatean 17:00etan. German Urteaga beasaindarra eta Maialen Akizu urretxuarra ariko dira, Aitor Tatiegi, Asier Azpirotz, Haizea Arana eta Maider Arregirekin batera. Beste sei saioetan bezala, irabazleak zuzenean sailkatzeko saria eskuratuko du. Puntuazioz igaroko diren gainerako 17en zerrenda orduan jakingo da.
Duda-mudako sei postuen eremuan, Iñaki Apalategi (451,5), Mikel Iturriotz (450,5) eta June Aiestaran debutaria (448) daude; oraingoz barruan, baina Azpeitiko partaideek har ditzaketen lekuetan. Gaur-gaurkoz, Unai Izagirreren 446 puntuek markatzen dute sailkapenaren langa.
Txapelketa dagoeneko agurtu dutenak Maddi Aiestaran (27. postuan), Gorka Maiz (30), Endika Igartzabal (31), Iban Urdangarin (33), Uxue Fernandez (34) eta Ane Beloki (36) dira.