Garmo Negro mendira irteera antolatu du Arrastaka taldeak
Hiru mila metroko sei tontor igoko dituzte ibilaldian zehar.
Panticosa (Huesca) aldera irteera antolatu du Arrastaka mendi taldeak astebururako (urriak 5 eta 6). Garmo Negro mendigunera izango da irteera, non hirumila metroko sei tontor igoko dituzten.
Garmo Negrorako ohiko bidearen ordez, horren ezaguna ez den Pondilellosko Orratzetik igarotzen den ibilbide zirkularra egingo dute, Panticosako bainuetxearen haranetik abiatuta. Algas mendiaren hiru tontorrak igaroko dituzte eta Argualasko tontorrean bukatuko dute.
Irteeraren zailtasuna handia da; eskaladako bigarren graduko urratsak gaindituta izan beharko dira parte hartzeko. Informazio gehiagorako, bilera izango da gaur, 19:00etan, Arrastaka taldearen egoitzan. 646 855 620 telefono zenbakira deituta ere argituko dituzte zalantzak.