Kale eta bide garbiketa zerbitzua indartzea onartu du udalbatzak
Serbitzu Elkartea SL enpresari esleitu diote, bost urterako. %35,6ko igoerarekin, 1,3 milioi euroko (BEZ gabe) kostua izango du. Pertsonalean eta makinerian hobekuntzak eskainiko ditu kontratazio berriak.
Kale eta bide garbiketa zerbitzua indartzea erabaki du Beasaingo udalbatzak iraileko ohiko osoko bilkuran. Serbitzu Elkartea SL enpresari esleitu zaio zerbitzua, hurrengo bost urteetarako, 1,3 milioi euroan (BEZik gabe), %35eko igoera suposatuko duena. Aho batez onartu zuten proposamena.
Udal gobernuak azaldu duenez, kale, bide eta udal azpiegituren garbiketa eta mantenua funtsezkoa da». Honako hau, hain zuzen ere, udalak egiten duen kontratazioen artean «garrantzitsuenetakoa» da, «ez bakarrik kostu aldetik, baita herritarrengan duen eragin zuzenagatik».
Urteko egun guztietan eskaintzen da zerbitzua (06:30-13:30 eta 14:00-16:00), baita edozein ezustekoren (ekaitzak, uholdeak, istripuak,…) aurrean ere. 17 langile daude guztira. Makineriari dagokionez berriz, hiru erratz makina -horietako bi berriak izango dira-, kaleak ureztatzeko kamioi bat eta lan arinak egiteko furgoneta bat erabiliko dituzte.
Hurrengo bost urteetarako kontratazioak hainbat hobekuntza eskainiko ditu: aipatutako bi erratz-makina berriez gain, erratz-makinentzako negurako beharrezko egokitzapena, furgoneta bat, bost haizagailu elektriko, eta erratz-makina bati eransteko ur-presio bidezko garbiketa egin ahal izateko egokitzapena, besteak beste.
Gainera, asteburuetako zerbitzurako langile bat eta makina bat gehituko dira, beraz, orotara, lau langile izango dira lan desberdinak egiteko.
Hobekuntza hauek guztiak, 365.748,58 euroko inbertsioa suposatuko dute.