Ataunen bigarren medikua lanean astelehenean hasiko da
Herritarren eta udalaren eskakizuna beteko da, Osakidetzak gaur jakinarazi duen postu hartzearekin. San Gregorioko kontsultan hasiko da, astean lau egunetan.
Ataungo lehen arretarako osasun zerbitzuari dagokion bigarren medikua astelehenean hasiko dela lanean azaldu du gaur udalak, Osakidetzaren jakinarazpenaren berri zabalduta. Orain arte, San Martingo plaza daukan medikua bakarrik ari zen herri osorako arreta eskaintzen. Urriaren 7tik aurrera, San Gregorioko kontsultan ere izango da medikua, asteko lanegun guztietan ez izan arren.
Asteko lau egunetan emango du zerbitzua bigarren medikuak San Gregorion: astelehenetan, astearteetan, asteazkenetan eta ostiraletan, 10:00etatik 12:30era. Ostegunetan Lazkaoko anbulatorioan lan egingo du.
San Martinen, berriz, orain arteko ordutegiarekin jarraituko du medikuak, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara. Ataungo Udalak aitortu du “aurrerapauso handia” dela, baina “herritarren osasunaren, eskubideen eta zerbitzuen alde gogor” jarraituko duela lanean.