Elordi Garciak osasunari buruzko liburuaren bigarren edizio luzatua aurkeztu du
2021ean ateratako liburua osatu du, bi atal gehiago erantsita. Ahanztura onkologikoa edo osasungintzaren humanizazioa landu ditu. Alberdaniak argitaratu du bigarren edizioa, eta salgai da.
Leuzemia gainditu zuen Elordi Garcia Intsausti kazetari lazkaotarrak Imparable hasta la medula liburuaren bigarren edizioa kaleratu du. Gaur goizean aurkeztu dute liburu osatua eta luzatua, Donostiako Udal Liburutegian. Alberdania argitaletxeak editatu du, eta 17,50 euroko prezioan salgai dago dagoeneko.
Garciak 2021eko udazkenean atera zuen liburua. Hamar urte lehenago diagnostikatu zioten leuzemia, hura gainditzeko tratamendu bortitzak, hezurmuinaren trasplantearen garrantzia eta ezezagutza gainditzeko gizarteratzea, eta, bere hitzetan, esperientzia idatziz kontatzearen «terapia» plazaratu zituen orduan, modu zuzenean eta lehen pertsonan.
Orain, orduko liburuaren berrargitalpenari bi atal gehitu dizkio, Pandemiak, eta Diskriminazioa vs humanizazioa izenekoak. Ikuspuntu kritikoagoa garatu du eranskin horretan, minbizia eta antzeko gaitzen sendakuntzaren albo-ondorio diren zenbait arlotan arreta jarrita.
Harrera eta arreta berebizikoak jaso zituen Imparable hasta la medula liburuak, eta aurkezpen, ekitaldi solidario eta kanpaina ugaritan parte hartu du Garciak azken hiru urteotan. Bigarren liburuak ere helburu solidario bera mantenduko du, eta diru irabaziak Joseph Carreras Fundazioarentzat bideratuko dituzte.
Alberdania etxearekin oso eskertuta agertu da Garcia, «aukera» emateagatik. Aurreneko liburuaren argitaletxea itxi egin da, arduradunaren heriotzagatik. Liburuaren bideari jarraipena ematea ahalbidetu dio bigarren edizioa Euskal Herrira ekartzeak.
Ahanzturarako eskubidea
Azken urteotan aktualitate izan diren arloei erreparatu die bi atal berrietan. Batetik, ahanztura onkologikoaren eskubidearen legeari. Europako Batzordeak onartu berri du, eta, hutsuneak hutsune, herrialde guztietan aplikatzeko bidean da. Minbizia gainditu dutenek, Frantziako eta Espainiako estatuetan bost urteko epean ofizialki ahazteko eskubidea dute.
Bestetik, «osasungintza humanizatu» beharraz analisia egin du, azpiegiturez eta teknikaz harago, ospitaleetan gaixo dagoen pertsonari zor zaion arreta eta zerbitzu osagarriak aldarrikatzeko.