«Musika oso barneratuta dugun erreminta bat da»
Saioa Pueblak (Zumarraga, 1991) musikoterapia egiten du. Sen Bizia zentroa ireki du Urretxuko Mugitegi industrialdeko Sortzen enpresa haztegian. Urriaren 18an inaugurazio ekitaldia egingo du.
Puebla musikaria da eta primeran ezagutzen digu musikaren onurak. Hori dela eta, musikoterapia ikastea erabaki zuen.
Ze ikasketa egin dituzu?
Gizarte Lana, Gizarte Integrazioa, irakasle izateko masterra eta Musikoterapia.
Nondik nora ibili zara lanean orain arte?
Gauza askotan: gizarte integratzaile bezala, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonekin, atzerritarrekin, desgaitasun intelektuala dutenekin, gazteekin, hezkuntza munduan…
Nola iritsi zinen musikoterapiara?
Musika nire pasioa da. 18 urterekin musikoterapia ikastea pentsatu nuen, baina oraindik ez nintzen horretarako gai ikusten. Ikasketak egin nituen, nire ibilbide profesionala hasi nuen… eta duela urte batzuk musikoterapia ikastea erabaki nuen. Gasteizko MAP (musika, artea eta prozesua) institutuan ikasi nuen.
Zer da musikoterapia?
Musikaren bitartez terapia egitea. Terapeutak pazienteari osasunera iristen laguntzen dio, esperientzia musikalak erabiliz. Esperientzia musikal horien bitartez sortzen diren harremanen bitartez, eraldaketa prozesuak ematen dira. Dantza, antzerkia, eskulanak… ere erabiltzen ditugu, pertsonaren arabera.
«Terapeutak pazienteari osasunera iristen laguntzen dio, esperientzia musikalak erabiliz»
Zergatik gustatzen zaizu musikoterapia?
Nire prozesu pertsonala hortik bideratu dut, inkontzienteki. Beti musika munduan ibili naiz eta horrek hazteko aukera eman dit. Hori dela eta, hau bide polita eta irisgarria dela iruditzen zait. Musika pertsonok oso barneratuta dugun erreminta bat da. Ondo pasatzeko, gure emozioak adierazteko, ongi etorriak egiteko, agurretarako… erabiltzen dugu. Gizateriaren historian zehar, musika erritual askotarako erabili da.
Hau al duzu zure lehen esperientzia musikoterapeuta bezala?
Ez. Nire kasa ibili naiz eta baita Bergarako musika eskolan ere.
Zergatik erabaki duzu zure zentroa irekitzea?
Nire erara lan egiteko. Gainera, musikoterapia beste sendatze teknika espiritualago batekin uztartzen dut. Theta Healing du izena. Vianna Stibalek sortu zuen. Meditazioaren bidez garuneko Z uhinekin lan egiten da. Hala, pertsonen inkontzientera heltzea lortzen dugu. Indagazio prozesu baten bitartez, pertsonaren inguruko informazioa lortzen dut. Gure inkontzientean mugatzen gaituzte zein sinismen ditugun ikusten dugu, eraldatu egin ahal izateko. Musikak hori egiteko ere ahalmen handia du, inkontzientera eramaten baikaitu. Musikoterapiara datorrenak ez du instrumentu bat jotzen jakin behar. Gure erremintak ahotsa, gorputza eta soinua dira.
«Urte hauetan guztietan adin guztietako pertsonekin lan egin dut. Pertsonen beharretara egokitzen naiz»
Nori dago zuzendua zure zentroa?
Urte hauetan guztietan adin guztietako pertsonekin lan egin dut. Pertsonen beharretara egokitzen naiz. Une honetan haurrekin, helduekin, haurdun dauden emakumeekin… nago.
Nolakoak dira saioak?
Ordu batekoak dira. Pertsona bakoitzaren beharraren araberakoak. Haurrekin eta helduekin ezberdin lan egiten dut. Helduekin hitza gehiago erabiltzen dut. Egiten duten musika aztertzen dut eta gero hitzen bitartez analizatu dezakegu. Haurrekin sinbolikoagoa da, jokoaren bitartez, inkontzienteki.
Sen Bizia urriaren 18an inauguratuko duzu. Nolakoa izango da ekitaldia?
18:30ean musikoterapiari eta Theta Healing-ari buruzko hitzaldia egingo dugu, 19:00etan soinu bainua eta 19:30ean mokadutxoa. Gonbidatuta zaudete.